Azken bi legealdietan bezala, Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakariak EAJ-EA-EB nahiko luke datorren legealdian ere EAEko exekutiboan, hirukoa "zentralitate politikoa" delako. Hala esan du hark gaur, Radio Vitoriari emandako elkarrizketan. 2009ko martxoan izango dira EAEko hauteskundeak, eta Ibarretxe bera izango da EAJko lehendakarigaia.
Hirukoa "oso eredu garrantzitsua" dela iruditzen zaio. "Oso gustura aritu naiz urte hauetan. Ikusiko da zer gertatzen den".
"Mutur" desberdinetan ikusten ditu hark Batasuna batetik, eta PSE-EE eta PP bestetik. Batasuna, "[ETAren] indarkeriari ezetzik ez diolako esaten", eta PSE-EE eta PP, "ez dutelako onartzen hemen herri bat dagoela eta herri honek erabakitzeko eskubidea daukala".
Jaurlaritzako lehendakariak gaur ere ez du esan martxoan zein igandetan izango diren EAEko bozak. "Berdin dio igande batean edo bestean izan. Orain ez nago hauteskundeetan pentsatzen, baizik eta krisia nola gainditu dezakegun". Galiziako bozak martxoaren 1ean izango dira.
Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidentea kritikatu du Ibarretxek, "euskal gizarteak hitz egin ez dezan [Espainiako] Konstituzioa erabili baitu. Konstituzioa integratzailea baita [hala esan berri du Juan Carlos Espainiako erregeak], etor dadila Jainkoa eta ikus dezala".
EAk ez du "berdin" jarraitu nahi
Rafa Larreina EAko Antolakuntza idazkariak gaur adierazi du "gustatuko" litzaiokeela bere alderdiari Jaurlaritzan hirukoarekin segitzea, "baina berdin jarraitu nahi bada, ez dezatela EArekin kontatu". Hala, gogor kritikatu du Eusko Legebiltzarraren kanpoaldean Espainiako bandera jartzeko erabakia hartu izana bertako Mahaiak, "EAJri esker" ipiniko delako.
Politika
Ibarretxek hirukoaren alde egiten segitzen du, "zentralitate politikoa" delako
EAJk, EAk eta EBk osatutako gobernua "oso eredu garrantzitsua" dela uste du Eusko Jaurlaritzako lehendakariak. "Mutur" desberdinetan ikusten ditu Batasuna batetik, eta PSE-EE eta PP bestetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu