Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakariak iazko irailaren 28an jakinarazi zuen 2008ko urriaren 25ean galdeketa egin nahi duela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, atzo ezagutarazi zituen bi galderak, eta gaur, berriz, galdeketarako lege proposamena Eusko Legebiltzarrean erregistratu eta tramitera sartzean, kontsultaren prozesua irailaren 15ean zabalduko lukeela jakin da. Gaur jaso du testua Izaskun Bilbao parlamentuko lehendakariak.
Galdeketaren antolaketa EAEko hauteskundeak deitzeko bidean oinarritzen da, eta ez luke "Espainiako Estatuaren baimenik beharko, ez baita erreferendum bidezko herri galdeketa eta juridikoki ez delako loteslea". Espainiako Gobernuak galdeketa galarazteko Espainiako Auzitegi Konstituzionalean helegitea sartzeko asmoa du, ordea. Jaurlaritzak dio egitasmoak "balio soziala eta politikoa" duela, eta "legezkoa" dela.
Eusko Legebitzarreko talde denek diru laguntzak izango lituzkete kanpaina egiteko.
ETAren indarkeriaren amaiera elkarrizketatua bultzatzearekin eta alderdiek erabakitzeko eskubidearen inguruko akordioa lortzearekin ados dauden ala ez galdetu nahi die Ibarretxek Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrei urriaren 25ean. Galdeketa deitzeko Eusko Legebiltzarraren gehiengo sinplea lortu beharko du ekainaren 27ko osoko bilkuran.
Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburuarekin akordioa egiteko saioak huts egin ondoren erabaki du Jaurlaritzak galdeketara deitzea, lehendakariaren esanetan. "Ez gaude prest une oro konponbiderik gabeko gurpil zoroan bizitzeko", ohartarazi zuen atzo. Eta erantsi zuen gizartea ez dagoela prest "ETAren iragan suntsitzailera" eta erakundeen arteko elkarrizketarik gabeko egoerara bueltatzeko, ezta ETAri agenda politikoa zehazteko giltza emateko ere.
Ibarretxek atzo zioenez, euskal gizarteak zabaldu behar du egoera politikoa desblokeatzeko prozesua urriaren 25eko kontsultarekin, eta hura itxi 2010eko erreferendumarekin. Ez ETAk, ez Madrilek ez dutela prozesu horren gidaritza hartu behar azpimarratu zuen. "Euskal gizarteak izan behar du bide osoari zilegitasuna eman behar diona, hasieratik amaierara arte". Hala, asmo hori bururaino eramateko prest dagoela azaldu zuen.
Politika
Ibarretxek irailaren 15ean zabalduko luke urriaren 25eko galdeketaren prozesua, "Espainiako Estatuaren baimenik behar izan gabe"
Eusko Jaurlaritzak gaur eman dio lege proposamena Eusko Legebiltzarreko lehendakariari, tramiterako. Galdeketaren antolaketa EAEko hauteskundeak deitzeko bidean oinarritzen da, "eta ez da erreferendum bidezko herri galdeketa eta juridikoki ez da loteslea". Parlamentuko talde denek diru laguntzak izango lituzkete kanpainarako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu