Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak

Ibarretxek lehendakaritzarako hautagaitza aurkeztuko du, baina ez du argitu oposizioko buru izango litzatekeen

PSE-EEk eta PPk Lopez lehendakari bihurtzeko akordioa lortu ondoren erabakiko luke EAJko kideak zer egin datorren legealdian. Gaur kreditatu dira jeltzaleak Eusko Legebiltzarrean.

2009ko martxoaren 24a
16:27
Entzun
Juan Jose Ibarretxe EAJko kideak gaur azaldu du berriro Eusko Jaurlaritzako lehendakari izateko hautagaitza aurkeztuko duela Eusko Legebiltzarreko inbestidura saioan, Patxi Lopez PSE-EEko lehendarikagaiak baino "80.000 arrazoi gehiago" dituelako (EAJk PSE-EEk baino 80.000 boto gehiago lortu zituen martxoaren 1eko bozetan), baina ez du argitu PSE-EEk eta PPk akordioa lortuko balute oposizioko buru izango litzatekeen.

"Itxaron egin behar da akordiora iristen diren. Halakorik balego, gero gerokoak", esan du Ibarretxek. Lopez lehendakari izendatzeko PP eta PSEren arteko hitzarmena baieztatzen bada, aldiz, zein helbururekin egin duten azaldu beharko dutela adierazi du.

Horrez gain, EAJ dagoen lekuan dagoela, herritarrek emandako agintaritza erantzukizun handiarekin hartuko duela jakinarazi du Ibarretxek: “Gure konpromezu eta zintzotasunean uste ona dute herritarrek”. Gainera, EAJ udaletako oposizioan egondakoa dela gogorarazi du Ibarretxek, eta kasu horietan ere, erantzukizun handiarekin aritu direla.

EAJko 29 legebiltzarkidek gaur goizean jaso dute Gasteizen diputatu akta -Leire Corralesek ez oraindik, ama izan berri delako-. Emaitza ofizialen arabera, 30 legebiltzarkide lortu zituen alderdi jeltzaleak martxoaren 1eko hauteskundeetan. PSE-EEk (25) eta PPk (13), baina, gehiengo osoa dute Legebiltzarrean, eta akordiora iristear dira; Lopez litzateke, hala, Jaurlaritzako lehendakari. Beti EAJko kidea izan da horko buru.

Baliteke apirilaren 3an egitea Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako parlamentua osatzeko bilkura. Mahaia hautatuko dute orduan.

EA (1) eta EBko (1) legebiltzarkideek ere gaur jasoko dute akta.

Demokrazia Hiru Milioi (D3M) herri plataformak 100.000 boto lortu zituen bozetan baina, Espainiako Justiziak baliogabe utzia zuenez, ez du ordezkaritzarik izango Legebiltzarrean -zazpi aulki lituzke-.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.