Atzo jakin zenez, hilaren 20an batuko dira, Moncloan (Madril), Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidentea eta Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, Eusko Legebiltzarrak galdeketari buruzko eztabaida eta bozketa egin baino hilabete eta astebete lehenago, eta gaur Iñigo Urkullu EAJko Euzkadi Buru Batzarreko buruak jakinarazi du Ibarretxek Loiolako elkarrizketetako edukia planteatuko diola Zapaterori, "abiaburu gisa".
EAJk, PSE-EEk eta Batasunak, 2006ko udazkenean -ETAren su-eten garaian-, hainbat bilera egin zituzten Loiolan (Azpeitia), eta erabaki eskubideaz, Euskal Herriaren nazio izaeraz, EAEren eta Nafarroaren arteko harremanez eta abar aritu ziren. Azkenean akordiorik lortu gabe, ordea.
Urkulluk gaur ETB2an emandako elkarrizketan esan du EAJren helburua "Euskadiren eta Espainiaren alderdi bitasun harremana" lortzea dela, "inork inori ezer inposatu gabekoa". Haren iritziz, ETA jardunean egonda ere lor daiteke akordio hori, "auzi politikoa erakunde terrorista existitu aurrekoa delako, eta alderdi politikook baino ez dugu konpondu behar hau".
Ekainaren 27ko Eusko Legebiltzarreko bozketara begira EAJ-EA-EB hirukoak EHAK, PP edo PSE-EEren laguntza beharko du, eta Urkulluk dio EHAK ez dela "aukera bakarra". PSE-EErekin hitz egiteko prest azaldu da, "malgutasunez", eta EAJk "legezkoa ez den ezer" ez duela egingo aitortu du.
Politika
Ibarretxek Loiolako elkarrizketetako edukia planteatuko dio Zapaterori, Urkulluk dioenez
EBBko lehendakariaren arabera, EAJren helburua "Euskadiren eta Espainiaren alderdi bitasun harremana" lortzea da, "inork inori ezer inposatu gabekoa". Hilaren 20an batuko dira Espainiako eta Jaurlaritzako gobernuburuak, Moncloan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu