Ibarretxeren defentsak Zapaterok eta Aznarrek deklara dezatela nahi du

Ahozko epaiketak legearen barruan tokirik ez duela adierazi dute abokatuek defentsa idazkian

edurne begiristain
2007ko azaroaren 21a
00:00
Entzun
Juan Jose Ibarretxe Jaurlaritzako lehendakariaren aurkako epaiketan, besteak beste, Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburuak eta Jose Maria Aznar Espainiako gobernuburu ohiak lekuko gisa deklaratzea nahi du lehendakariaren defentsak. Eskari hori jaso dute lehendakariaren abokatuek EAEko Auzitegi Nagusian gaur aurkeztuko duten defentsa idazkian. Bakea lortzeko Espainiako Gobernu denek Batasunarekin eta ETArekin hitz egin dutela, baina inork ez duela delitu gisa hartu nabarmendu du defentsak idazkian.

Miren Azkarate Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak azaldu du zergatik deitu nahi dituzten politikari horiek deklaratzera : «Felipe Gonzalezek ETArekin eta Batasunarekin hitz egin zuen. Aznarrek ETArekin eta Batasunarekin hitz egin zuen. Jose Luis Rodriguez Zapaterok ETArekin eta Batasunarekin hitz egin du lehendakariak egin duen abagune berean, eta inork ez du inoiz pentsatu deliturik egin zutenik».

Nazioarteko komunitatearentzatelkarrizketa politikoa aintzat hartu beharreko «printzipio demokratikoa» dela, eta ez dela zigortu beharreko ekimen politikoa frogatu aldera, defentsak beste hamalau lagun ere deitu nahi ditu lekuko gisa. Besteren artean, Alfredo PerezRubalcaba Espainiako Gobernuko Barne ministroa, Jaime Mayor Oreja Espainiako Gobernuko Barne ministro ohia, Josu Jon Imaz EAJren EBBren presidentea, Begoña Errazti EAko presidentea, Jesus Egiguren PSEko legebiltzarkidea eta Adolfo Perez Esquivel Bakearen Nobel Sariduna.

EAEko Auzitegi Nagusiko Zibil eta Zigor aretoan aurkeztuko du defentsak proposamena, han egingo baitiote epaiketa lehendakariari. Auzitegiak abokatuek proposatutako lekukoak onartuko balitu, deklaratzera behartuta egongo lirateke denak, Zapatero izan ezik. Izan ere, Espainiako gobernuburu izateagatik ez luke zertan Bilbora joan deklaratzera.

Nolanahi ere, lekukoen inguruko erabakia hartu aurretik, Ibarretxe auzia epaituko duen aretoa osatu beharko da. Bi aldeek EAEko Auzitegi Nagusiko hiru epaileen aurka aurkeztutako errefusatzeaz Auzitegiko 77ko Salak erabakia hartu ostean eratuko da epaiketaz arduratuko den aretoa, eta hark erabakiko du lekukoak deklaratzera deituko dituen ala ez.

EPAIKETARIK EZ. Herri akusazioaren eskari hutsean oinarritutako ahozko epaiketak «legearen barruan lekurik ez duela» argudiatuta, lehendakariaren aurkakoepaiketa egin ez dadin eskatuko du defentsak bere eskarian, Jaurlaritzako eledunak jakitera eman duenez. Hala, Auzitegi Nazionalaren doktrinaren arabera, Fiskaltzaren salaketa publikorik edo kaltetutako norbaiten salaketa partikularrik egon ezean ezin dela ahozko epaiketarik egin argudiatuko du.

Defentsaren idazkiak gogoratzen du 2006ko martxoaren 22an ETAk su-etena iragartzeak «ilusioa eta itxaropena» sorrarazi zuela gizartean, eta horren ondorioz, Diputatuen Kongresuak erakunde armatuarekin elkarrizketak abiarazteko baimena eman zuela. Ebazpen horretan, Estatuko botereen eta indarkeria uztea erabakitzen dutenen arteko elkarrizketa bideak babesten direla azpimarratu du defentsak.

Halaber, gogorazi duEspainiako Auzitegi Gorenak Batasuna legez kanpo utzi zuenean ez ziola agindu «zehatza eta zuzena» eman Ibarretxeri Batasuneko buruzagiekin egiteko asmoa zuen bilera bertan behera uzteko.

Hori horrela, defentsak adierazi du lehendakariaren erantzukizuna dela guztiekin hitz egitea, indarkeria amaitzeko eta bakea lortzeko, eta kritikatu du «justiziaren politizazioak» elkarrizketa bera zapuztu duela. Halaber, Gobernuen ekimen politikoaren kontrola ez dela justiziaren egitekoa ohartarazi du.

Jaurlaritzako koalizio hitzarmena, Ibarretxeren kargu-hartze diskurtsoa eta beste zenbait agiri aurkeztuko ditu defentsak froga gisa. «Ahozko epaiketa negargarri honetan frogatuko dugu bakea bilatzea, zuzenbidea manipulatu eta oker aplikatzen dutenentzat bakarrik izan daitekeela delitu», adierazi du Azkaratek.

LeKuKoaK



Josu Jon Imaz. EAJko EBBko presidentea.

Begoña Errazti. EAko presidentea.

Javier Madrazo. EBko koordinatzaile nagusia.

Adolfo Perez Esquivel. Bakearen Nobel sariduna.

Roelf Meyer. Hegoafrikako gobernuko eta beste erakundeetako aholkularia.

Mathews Phosa. Afrikako Kongresu Nazionaleko Batzordeko kidea.

Harry Barnes. Carter Zentroko Gatazkak Konpontzeko Saileko burua.

Nancy Soderberg. NBEren AEBetako enbaxadore ohia.

Matteo Zuppi. Apaiza eta Sant Egidio Komunitateko eliz laguntzailea.

Brian Currin. Hegoafrikako Giza Eskubideen Aldeko Abokatuen Ligaren sortzaile.

Javier Zarzalejos. Espainiako Gobernuko presidentearen aholkulari ohia.

Jaime MayorOreja. Espainiako Gobernuko Barne ministro ohia.

Jose Maria Aznar. Espainiako Gobernuko presidente ohia.

Jesus Egiguren. PSEko legebiltzarkidea.

Alfredo PerezRubalcaba. Espainiako Gobernuko Barne ministroa.

Jose Luis Rodriguez Zapatero. Espainiako Gobernuko presidentea.

Ibarretxek ez dakiela bere burua defendatzen eta «arduragabe» jokatzen duela dio Patxi Lopezek



Fernandez Bermejok«errespetu osoz» hartu du Ibarretxeren defentsaren erabakia
ainara arratibel

Andoain

«Arduragabe» jokatzea, bere burua defendatzen ez jakitea eta mundu guztia inplikatu nahi izatea leporatu dio Patxi Lopez PSE-EEko idazkari nagusiak, Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakariari. Ibarretxe auzian Espainiako presidente Jose Luis Rodriguez Zapateroeta presidente izandako Jose Maria Aznar deitu nahi ditu, besteak beste, lekuko gisa Ibarretxeren defentsak: «Erabaki zentzugabea eta irrigarria da», adierazi zuen atzo Lopezek Andoaingo Elkarte Sozialistara egindako bisitan. Adierazpenak egin aurretik bilera egin zuen herri hartako PSE-EEko kideekin.

Batasunarekin biltzeagatik epaituko dute Ibarretxe, eta auzi horretan epaituko dituzte baita ere Lopez bera, Rodolfo Ares PSE-EEren zuzendaritza kidea, eta Batasuneko Arnaldo Otegi, Juan Joxe Petrikorena, Pernando Barrena, Rufi Etxeberria eta Olatz Dañobeitia: «Halako jarrerek erakusten dute Ibarretxek ez dakiela bere burua bakarrik defendatzen. Haizegailua martxan jarri eta mundu guztia inplikatu nahi du». Epaiketaren inguruan «zirku mediatikoa» sortu nahi izatea ere egotzi dio.

«Errespetu osoz» hartu du, bestalde, Espainiako Justizia Ministro Mariano Fernandez Bermejok, Ibarretxeren defentsak hartutako erabakia: «Eskubide osoa dute beren bezeroaren interesak defendatzeko beharrezkoak iruditzen zaizkien frogak eta proposamenak aurkezteko. EAEko Auzitegi Nagusiari dagokio horiek onartzea edo ez».

«ZENTZUZKOA» MADRAZORENTZAT. Ibarretxeren defentsak deklaratzera deitu nahi dituztenen artean dago Ezker Batuko koordinatzaile Javier Madrazo ere. «Agintari politikoak deklaratzera deitzea zentzuzkoa da», adierazi zuen ohar baten bidez Madrazok. Deklaratzera deituz gero «elkarrizketa politiko demokratiko baten alde» egingo du Madrazok: «Euskal gatazka konpontzeko bide egokiena da».

Horrekin batera, botere banaketa eta alderdi politikoek nahiz erakundeek bake eta normalizazio politikorako prozesu bat aurrera eramateko dituzten eskumenak defendatuko ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.