"Euskal Herria Europako herri guztien artean berezko nortasuna duen herria da, historia, gizarte eta kulturako ondare berezi baten gordailu; bi estatutan kokatuta eta gaur egun hiru eremu juridiko-politiko ezberdinetan antolatuta dauden zazpi lurraldetan du bere leku geografikoa.
Euskal Herriak eskubidea du bere etorkizuna erabakitzeko, Eusko Legebiltzarrean 1990eko otsailaren 15ean gehiengo osoz onartu zen bezala, eta nazioartean aitortuta dagoen herrien autodeterminazioeskubidearekin bat etorriz, besteak beste Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Itunean eta Ekonomia, Gizarte eta Kulturako Eskubideen Nazioarteko Itunean onetsita baitago.
Euskal Herriak bere etorkizuna erabakitzeko duen eskubidearen erabilera honela gauzatzen da: Euskal Herria egun antolatua dagoen hiru eremu juridiko-politikoetako herritarrek beren etorkizuna erabakitzeko kontsultatuak izateko duten eskubidea errespetatuz, hau da, egungo Euskal Autonomia Erkidegoko herritarren erabakia errespetatuz, Nafarroako Foru Komunitateko herritarren erabakia errespetatuz eta Iparraldeko euskal lurraldeetako herritarren erabakia –Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako herritarrena– errespetatuz.
Hiru zutabe horiekin bat etorriz, eta Euskal Herriaren zati osagarri garenez, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lurraldeek osatutako egungo Euskal Autonomia Erkidegoko herritarrok, geure borondate demokratikoa erabiliz eta Gernikako Estatutuan eta Espainiako Konstituzioan jasotako gure eskubide historikoak errespetatuz eta eguneratuz, elkarbizitzarako itun politiko berri bat gauzatzeko borondatea adierazten dugu.
Itun politiko hau Espainiako Estatuarekiko harremanerako eredu berri batean gauzatzen da, elkartasun askean oinarritutako eta estatu konposatu, nazio anitzeko eta asimetriko bat garatzeko aukerekin bateragarri den eredu batean. Aurreko guztiaren ondorioz, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrok Estatutu politiko hau berresten dugu: (Atariko tituluarekin jarraitzen du proposamenak; ikusi hemen osorik osorik)".