POLITIKA

Ibarretxeren estatutu proposamena eta Kataluniaren bidea alderatzea "tranpatzat" jo du Ortuzarrek

Eusko Jaurlaritzako lehendakariak 2003an aurkeztutako proposamenari Madrilek eta ezker abertzaleak boikota egin ziotela uste du EAJko presidenteak. Independentzia "iraungitako eredua" dela esan, eta Europako nazioen konfederazio baten alde egin du. Iñigo Urkulluk, berriz, Eskozia "erreferente" bat dela adierazi du.

Ortuzar, Alderdi Egunean. JUANAN RUIZ, ARP
2013ko urriaren 4a
11:45
Entzun

Bartzelonako Euskal Etxean aritu zen hizketan atzo Andoni Ortuzar EAJko presidentea, eta, besteak beste, burujabetzaren bidean Euskal Herriak eta Kataluniak duten aldea izan zuen hizpide. Haren ustez, Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakariak 2003an aurkeztutako estatutu proposamena eta Kataluniako Gobernua egun hartzen ari den bidea alderatzea "tranpa bat" da, eta ez da bertan “erori behar".

Ortuzarrek Madrili eta ezker abertzaleari egotzi zien Ibarretxeren egitasmoak aurrera egin ez izana. Ibarretxeren planari Madrilek eta ezker abertzaleak egin zioten boikota neurri berean, bigarrenak aldeko eta kontrako hiruna boto emanda”.

Bere burua independentistatzat jo zuen, eta azaldu euskal gizartearen ahalik eta babes zabalena nahi duela horretarako. Nolanahi ere, erantsi zuen independentzia “iraungitako eredua” dela. Halaber, nabarmendu zuen autogobernuan “jauzi handi bat” egiteko “indarkeriaren zauriak itxi” egin behar direla aurrena.

Eskoziako eredua, berriz, "erreferentetzat" jo du gaur Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak. Eusko Legebiltzarreko saioan mintzatu da Urkullu, eta oroitarazi du hauteskunde programan jaso zuela "nazioartean Euskadiren nazio aitorpena" lortzeko asmoa. Helburu hori lortzeko bidea "gardentasuna, aldebikotasuna, akordioa eta zorroztasun juridikoa" izango dira, Urkulluren esanetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.