Juan Jose Ibarretxe Jaurlaritzako lehendakariaren iritzian ETAren indarkeriak ezin ditu normalizazio politikoa eta herri galdeketa bat egitea baldintzatu. Hau da, normalizazio prozesua bultzatzea eta haren amaierako trensa litzatekeen galdeketa egitea ezin dira ETAren jarreraren arabera erabaki.
Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak opor ondorengo lehen bilera egin du gaur, Donostiako Miramar jauregian, eta ondoren egin ditu adierazpen horiek Ibarretxek.
ETAk su-etena hautsi arren itxaropentsu agertu da lehendakaria, eta normalizazioa eta bakea lortzeko aukerak badaudela nabarmendu du. Bi arazo ikusten ditu: ETAk ez duela onartzen indarkeriaren aroa amaitu dela, eta PSOEk ez duela euskal herritarren erabakitzeko eskubidea aintzat hartzen.
Ildo horretatik, herritarrei erabakitzeko aukera emango ziela hitzeman zuela oroitarazi du Ibarretxek, eta agindutakoa bete egingo duela. Hala ere, ez du data eta eperik jarri. "Euskadiren etorkizuna Euskadin" erabakiko dela erantsi du, eta ez Madrilen. Gainera, galdeketaren auzian Jaurlaritzako koalizio gobernua osatzen duten hiru alderdien babesa izango duela adierazi du.
Hain justu,EAJ, EA eta EB elkarren arteko eztabaidetan nahasita dabiltzala hasi du urte politiko berria Jaurlaritzak, baina Ibarretxek ez du uste koalizio gobernu hori krisian dagoenik. Aitzitik, giza eskubideen eta erabakitzeko eskubidearen defentsak bat datozela nabarmendu du, etahori oinarri nahikoa iruditzen zaio aurrera egiteko.
Errazti EAJren kontra Zarautzen
Esan bezala, azkenaldian puri-purian da hiruko gobernua osatzen duten alderdien arteko eztabaida: elkarren kontrako adierazpenak egin dituzte bateko eta besteko buruzagiek, eta baita salaketak ere: leial ez jokatzea egotzi diete batzuek besteei.
Liskar handienak EAJ eta EAren artekoak izan dira. Jeltzaleen presidente Josu Jon Imazek proposatutako "transbertsalitate eta pragmatismoaren" aurka egin zuen Joseba Azkarraga Justizia sailburu eta EAko zuzendaritzako kideak, eta zorrotz erantzun zioten EAJko buruzagiek, Urkulluk, Ariztondok eta Imazek berak. Ibarretxerekin desleial jokatzea egotzi zioten.
Atzo iluntzean lurte politikoa abiatzeko ekitaldia egin zuen EAk Zarautzen (Gipuzkoa). Azkarragak esandakoa berretsi zuen Begoña Errazti presidenteak eta jeltzaleekin duten ika-mika suspertu du.
Zarautzen bertan EAJk egingo du gaur opor ondorengo ekitaldia, eta ziur aski, mintzaldi horietan erantzungo diote Erraztiri. Egibar eta Imaz izango dira hizlari, jeltzaleen bi ildoetako buruzagiak. Hain justu, zuzendaritza berritzeko prozesua abiatu berri du EAJk.
Politika
Ibarretxeren iduriko, ETAk ezin ditu normalizazio politikoa eta galdeketa baldintzatu
Opor ondorengo lehen bilera egin du Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak Donostian, Miramar jauregian. Herri galdeketa egiteko asmoa berretsi du lehendakariak. Hirukoko kideen arteko eztabaidak puri-purian dutela hasi dute urte politikoa, baina Ibarretxek ukatu egin du gobernu koalizio hori krisian dagoela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu