Politika

Ibarretxeren iritziz gizartearen parte-hartzeak "blindatuko" du prozesua

Donostiako Miramar jauregian egin du Jaurlaritzako gobernu batzordeak udako oporren osteko aurreneko bilera. Bilkura amaitu eta gero Juan Jose Ibarretxe lehendakaria mintzatu da, eta baketze eta normalizazio prozesua izan du ardatz. Bide horretan zailtasunak daudela onartu arren halako oztopoak normalak direla zehaztu du, eta, oro har, itxaropentsu agertu da. Nolanahi ere, prozesua "blindatzeko" modua gizarteak parte-hartzea dela erantsi du. Hartarako ekimen zehatzak irailaren 22an aurkeztuko ditu.

2006ko irailaren 1a
16:50
Entzun
Hasi berri den lanaldi politikoa bakean eta normalizazio politikoan aurrera egiteko garrantzi handikoa dela nabarmendu du Ibarretxek, eta itxaropentsu agertu da bide horretan egin daitezkeen urratsekin.Une honetan "zailtasunak" daudela onartu du, baina zailtasun horiek "normalak" direla erantsi du. Ildo horretatik, itxaropentsu izateko eta gatazka gainditzeko azkenaldiko aukerarik onea dagoela esateko bi arrazoi eman ditu: batetik, ETA eta Espainiako Gobernua harremanetan direla, eta, bestetik, alderdi politikoak elkarrizketak izaten ari direla.Garrantzitsuena bi harreman bide horiek indarrean jarraitzea dela erantsi du.

Baina alderdi eta indar politikoek ez ezik, gizarteak prozesuan parte-hartzea ezinbestekoa dela esan du gaur berriro Ibarretxek; areago, prozesua "blindatzeko" bidea parte-hartze hori gauzatzea dela adierazi du. Lehendik iragarria zuen lehendakariak gizartearen parte-hartzea bideratzeko proposamena aurkeztuko duela, baina gaur ez du xehetasunik eman nahi izan. Eusko Legebiltzarraren irailaren 22ko osoko bilkuran azalduko du proposamena.

Sakabanaketa eta Alderdien Legea "iraganeko politikak"

Euskal preso politikoak ere mintzagai izan ditu Jaurlaritzako lehendakariak. Hala, espetxeratuak hurbiltzearen alde agertu da. Gainera, hurbiltzeak dagoeneko egina behar zuela eta negoziazio politikotik aparte gauzatu behar dela esan du. Izan ere, presoen hurbiltzela giza eskbideen arloko arazoa dela nabarmendu du, eta, beraz, ez dela negoziazio politikoarekin nahastu behar. Finean, presoak xakeko piezak balira bezala ez erabiltzeko eskatu du.

Sakabanaketa "iraganeko politika" dela erantsi du, Espainiako Alderdien Legea bezala. Ondorioz, bata zein bestea bertan behera uzteko galdegin du.

Ohiturazkoa da udako oporraldiaren aurreneko bilera Jaurlaritzako Gobernu Batzordeak Donostiako Miramar Jauregian egitea. Joxe Juan Gonzalez Txabarri Gipuzkoako diputatu nagusiak eta Odon Elorza Donostiako alkateak egin diete harrera lehendakariari eta sailburuei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.