Jaurlaritzaren estatutu berrirako proposamenaren hitzaurrean jasotzen diren Euskal Herriaren lurraldetasuna, autodeterminazioa eta herri kontsulta abiapuntu hartuta beste alderdiekin akordioa lortzea posible dela uste du Batasunak. Egoera desblokeatzeko hiru puntu horien inguruko akordioa eta Espainia eta Frantziako Gobernuekin egin nahi duten negoziaketarako Euskal Herria ordezkatzen duen mintzakidetza osatzeko proposamena egin die Batasunak gainerako alderdiei, beraiek prest daudela azpimarratu ondoren.
Ibarretxeren planak ez duela gatazka gainditzeko balio eman dute aditzera Batasunakideek. Gainera, beraien aburuz, Estatutu berrirako proposamenak ezker abertzalearen jarrerak jaso, eta PPrekin borrokan jarraitzea du helburu, horrela ezker abertzalearen oinarri soziala deseginez.
Batasunaren iritzian, "eredu neoestatutarioak" porrot egin du. Gainera, 98an Lizarra Garaziko akordioarekin hasitako bideak ez duela atzera bueltarik diote, eta beraien iritzian, Ibarretxeren plana ere han hasitako bidearen ondorioa da.
Akordio proposamena
Ibarretxeren planeko hitzaurreko hiru punturen inguruan akordioa lortzea posible dela uste du Batasunak
Gatazka gainditu eta akordioak lortzeko garaia dela iritzi dio Batasunak, eta horretarako aukerak badaudela. Beraz, beraiek akordiorako aukera bi zutebetan ikusten dutela azpimarratu dute. Horietako bat Ibarretxeren planaren hitzaurrean jasotzen diren Euskal Herriaren lurraldetasuna, autodeterminazio eskubidea eta herri kontsulta lirateke. Akordiorako beste zutabea, berriz, "estatuekin egin beharreko negoziaketarako" euskal mintzakidetza osatzea da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu