Printzipio etikoa, printzipio demokratikoa eta giza garapen jasangarria: eredu demokratiko baten oinarriak izenburupean bere doktore tesia irakurri du gaur Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohiak (1999-2009) EHUn, Donostiako Zuzenbide Fakultatean, eta EAE Euskal Autonomia Erkidegoarentzat estatutu berria eskatu du, "gaurkoa agortuta dagoelako". Hain zuzen, gaur 31 urte bete dira Gernikako Estatutua onartu zutenetik.
Marko berri horretan erabaki eskubidea nahiko luke Ibarretxek, eta hori erdiesteko "negoziazioa eta ituna" beharko direla azpimarratu du. "Hori da gatazka politikoaren konponbidearen giltza". Haren ustez, irizpide etikoa eta demokratikoa eta giza garapen jasangarria ezinbestekoak dira biharko eguneko euskal gizartea eraikitzeko, baita ETAren bukaera ere. Espainiako Alderdien Legea ere gaitzetsi du.
Krisia ere izan du hizpide. "Gizartearen gaurko krisiak sistema juridiko, politiko, ekonomiko, soziologiko, ekologiko eta kulturalari eragiten die", adierazi du, eta horiek konpontzeko "globalizazioan baino gehiago maila lokalean" egin behar dela lan. Gaurko esparruak ongizateari eta enpresen lehiakortasunari mugak jartzen dizkiela esan du.
=b'Cum laude' lortu du=b
Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak arratsaldean jakinarazi du cum laude lortu duela Ibarretxek, notarik altuena.
Francisco Javier Caballero Harriet Zuzenbidearen Filosofia katedradunak eta Luis Mariano Negron Portillo Puerto Ricoko Amerikaarteko Unibertsitateko dekanoak zuzendu dute testia. Epaimahaia, berriz, Miguel Herrero de Miñon juristak, Jose Manuel Castells Zuzenbide Administratiboaren katedradunak eta Gurutz Jauregi Zuzenbide Konstituzionalaren katedradunak osatu dute.
Tesia irakurtzean aretoan izan dira Ibarretxeren familia eta EAJko alderdikideak -Iñigo Urkullu EBBko presidentea, esate batera-.
Urriaren 25a, egun berezia harentzat
Urriaren 25a egun berezia da Ibarretxe lehendakari ohiarentzat. Jakina denez, egun sinbolikoa da, Euskal Herriko foruak bertan behera uzteko legea 1839ko urriaren 25ean onartu zutelako eta, arestian aipatu bezala, Gernikako Estatutua erreferendumean 1979ko urriaren 25ean onartu zelako. Horiez gain, EAEn 1998ko urriaren 25ean izan ziren hauteskundeetan irabazi ondoren iritsi zen Ibarretxe Jaurlaritzako lehendakari izatera. Halaber, EAEko Estatu Berrirako Proposamena 2003ko urriaren 25ean onartu zuen Jaurlaritzak eta 2008ko urriaren 25ean egin asmo zuen erabakitzeko eskubideari buruzko galdeketa.
poliTIKA
Ibarretxerentzat erabaki eskubidea da "gatazka politikoaren konponbidearen giltza"
Jaurlaritzako lehendakari ohiak gaur irakurri du doktore tesia EHUn, Gernikako Estatutuaren 31. urteurrenean; 'cum laude' lortu du. Egungo esparrua "agortuta" dagoela uste du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu