Hondarribiko alarde parekidea

Ibilbidea berreskuratu dute

Jaizkibel konpainia azken urteetan baino jendetsuagoa izan da; 350 gizon-emakumek desfilatu dute Hondarribiko kaleetatikArratsaldean istiluak izan dira, eta jasotako tratua salatu du Jaizkibel konpainiak

Jaizkibel konpainiako kideak, atzo, desfilatzen. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
ainara arratibel gascon
Hondarribia
2012ko irailaren 9a
00:00
Entzun
Urteroko ezinikusia. Horixe islatu zen berriro ere atzo Hondarribiko (Gipuzkoa) jaien egun handiko ekitaldi nagusian: alardean. Gizon eta emakumez osatutako Jaizkibel konpainiak plastiko beltzez inguratuta eta betiko alardea! zioten oihu artean desfilatu behar izan zuen beste behin Alde Zaharretik. Haatik, plastiko beltzek ez zituzten kikildu. Alderantziz. Inoiz baino jendetsuagoa izan zen alarde parekidea, eta ozen entzun ziren haien danbor eta txilibitu doinuak. Jendeaskoren babesa eta animoak jaso zituzten, gainera. Halaber, iazko debekuaren ostean, berriro ere Gernikako Arbolatik igaro ahal izan ziren. «Kaleak berreskuratu ditugu», zioen amaieran hunkituta Izaskun Larruskain kapitainak. Arratsaldean, ordea, istiluak izan ziren. Ertzaintzak esku hartu zuen, eta Jaizkibel konpainiak jasotako tratua salatu zuen. «Noiz arte onartu behar da hau?»,galdetu zuen Larruskainek.

08:20 inguruan iritsi zen Jaizkibel konpainia Zumardira. Olaia Arbelaitz kantinera jasotzetik zetozen, eta urrutitik antzeman zitekeen konpainia jendetsua zela: 350 gizon eta emakume inguru. Ertzainen presentzia nabaria zen, baina ohi baino txikiagoa. Larruskainek lerrokatzeko eta abiatzeko agindua eman ostean, bidea hasi zuten. Aurretik Emakumeak alardean, alarde publikoa zioen pankarta zeramaten.

Alde Zaharrera sartzeko arkua igaro, eta azken urteetako irudia errepikatu zen: alarde parekidearen aurkakoak plastiko beltzak eta betiko alardea zioten kartoi meheak zabaldu zituzten. Horiei eusten, batez ere, neska gaztetxoak zeuden. Bateren batzuek mozorro zuriak zeramatzaten. Baina handiak izan ziren baita ere animo oihuak: Gora Jaizkibel!;Aupa neskak!. Beroa izan zen Jaizkibel konpainiako kideei emandako babesa.

Udaletxeko balkoian aurten ere ez zegoen udal gobernuko inor, eta elizako ateak itxita zeuden. Udaletxearen arkupeetan, ordea, Jaizkibel konpainiako kideei txalo egiten zeuden, besteak beste: Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusi, Ikerne Badiola eta Helena Franco foru diputatuak, Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidente Lohitzune Txarola, EAEko ararteko Iñigo Lamarca, Emakundeko zuzendari Maria Silvestre, EH Bilduko lehendakarigai Laura Mintegi eta Aralarreko, Eusko Alkartasuneko, Ezker Anitzako eta Alternatibako ordezkariak.

Minutu gutxian iritsi ziren Arma Plazara. Han txaloak are nabarmenagoak ziren. Aurreko urteetan deskarga egin ohi zuten han. Aurten, ordea, ez. Iaz, emakumeak soilik kantinera gisa onartzen dituen alardeko parte hartzaile batek botatako tiro batek jota, emakume bat hil zen: Mari Carmen Gonzalez. Hori dela eta, Jaizkibelek esana zuen ez zuela deskargarik egingo.

Beherako bidea antzera egin zuen, Alde Zaharreko kale estuetatik. Txistu eta irainak entzun ziren. Baina amaierara iritsi ahala,gero eta nabariagoak ziren txaloak. Desfilatzen zuten gizon eta emakumeen artean ere irribarreak gero eta ageriagoak ziren. Arkua zeharkatu, eta Saindura bidean jarraitu zuten.

Bide horretan, unerik berezienetakoa Gernikako Arbolatik igaro zirenean izan zen. Iaz, Herrizaingo Sailak debekatu egin zien kale horretatik igarotzea, segurtasun arrazoiak argudiatuz. Baina aurtengo apirilean, EAEko Auzitegi Nagusiak ebatzi zuen «modu arbitrarioan» aldatu ziotela ibilbidea Jaizkibeli. Epaiaren arabera, konpainiako kideei biltzeko askatasuna urratu zitzaien.

Hantxe zeuden irteteko alarde tradizionaleko konpainietako kideak. Gehienak bizkarrez jarri ziren Jaizkibel handik igaro zenean, baina izan ziren desfilea ikusi zutenak ere.

Saindura gerturatu ahala, txaloak eta animoak handiagoak ziren errepide bazterretik. Amaieratik gertu, konpainiaren atzetik zihoan jende multzoa handituz joan zen. Alarde parekidea babestera joan ziren ordezkari politikoak haiekin batera egin zituzten azken metroak.

Bukatzean, poza eta lasaitasuna antzeman zitezkeen Jaizkibel konpainiako kideen artean, jasotako babesagatik. Senideak eta lagunak agurtzeko unea izan zen ondoren.

Pozik, baina konponbide eske

Salaketarako tartea ere izan zen. Larruskain: «Sinestezina da 2012. urtean Alde Zaharra plastiko beltz nazkagarri horiek inguruan ditugula desfilatu behar izatea. Oso bortitza egiten da. Ez du inork ulertzen, ezta Hondarribiko herriaren gehiengoak ere. Alarde tradizionala babesten duten asko ere horren aurka daude. Noiz konponduko dute hau? Esaten digute ahalegina egingo dutela, baina ez dute egiten».

Dena den, pozik zegoen konpainiak gero eta kide gehiago dituelako, eta berriro ere Gernikako Arbolatik igaro zirelako: «Gero eta gehiago dira kale bazterrean gu babesten daudenak. Babes keinu ugari jaso ditugu». Iaz tiro baten ondorioz hildako Mari Carmen Gonzalez izan zuen gogoan Larruskainek. «Senideei besarkada beroena bidali nahi diegu. Une zailak bizitzen ari dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.