Preso sozial batek Ibon Iparragirre euskal preso gaixoa "jipoitu" zuen atzo, Etxerat elkarteak ezagutarazi duenez. Horren ondorioz, erizaindegian dago Iparragirre atzoz geroztik. Etxerat elkarteak gertaeraren inguruko datu zehatz gehiagorik ez badu ere, elkartearen aburuz, Iparragirreren egoerak argi uzten du kalean behar duela egon; "larriki eri dagoelako, kalean egoteko eskubide osoa duelako".
Iparragirreren osasun egoerak "onartzen duen lekualdaketa bakarra Ondarroarako bidean jarriko duena" dela uste du elkarteak, eta galdetu du: "Noiz arte? Noiz arte urratuko dira Ibon Iparragirreren giza eskubideak? Noiz arte urratuko da osasun eskubidea?".
Egoera "oso larritzat" jo du elkarteak, eta salatu Frantziak eta Espainiak gaitzak dituzten presoekin hartutako jarrera "krudela" eta "basatia". Preso gaixoen eskubideen alde larunbatean 17:30ean Bilbon egingo duten manifestaziora joateko eskatu du Etxerat-ek, baita Giza Eskubideen Nazioarteko Egunean Etxerat-ek berak deitu dituen zapi kateetan ere.