euskal presoak

Ibon Iparragirre behinbehinean aske gera daiteke

Behin-behinean betetzen ari zen zigorraren kausan aske uztea ebatzi du Auzitegi Nazionalak bere osasun egoera larria dela eta. Beste kausa batean hiru urteko zigorra betetzen ari da eta albiste agentziek diote Basauriko espetxeak zigorra etxean bete dezala proposatuko duela.

2011ko urriaren 14a
19:32
Entzun

Ibon Iparragirre euskal preso ondarrutarra aske gera daiteke datozen orduetan. Behin-behinean betetzen ari den zigorraren kausan aske uzteko ebatzi du Espainaiko Auzitegi Nazionalak, presoaren osasun egoera larriagatik. Presoaren abokatuak Ondarroako Hitza-ri azaldu dionez beste kausa bateko espetxe zigorra betetzen ari da, eta hori argitu arte ezin da aske geratuko den jakin. Baina albiste agentziek aurreratu dutenez aske geratuko da, Basauriko espetxeak zigorra etxean bete dezala eskatuko baitu.

Albiste agentziek epaitegietako eta poliziaren iturriak aipatzen dituzte, eta aurreratu dutenez, Iparragirrek hilean bi aldiz joan beharko du epaitegietara, betetzen ari den beste zigorra etxean betetzen badu. Javier Gomez Bermudez, Manuela Fernandez de Prado eta Ramon Saez epaileek hartu dute behin behinean espetxeratuta zegoen kausan aske uzteko erabakia, osasun egoeraz gain, "preso daraman denbora eta prozeduraren egoera" aintzat hartuz.

Azken egunetan ugaritu egin dira Iparragirre aske uzteko eskaerak. Aurreko larunbatean Basauriko espetxearen aurrean bildu ziren hainbat lagun askatasuna eskatuz, eta aste honetan ere elkartu dira ondarrutarrak helburu berarekin. Asteartean, gainera, okerrera egin zuen Iparragirreren egoerak, eta Gurutzetako Ospitalean eraman zuten.

GIB gaitza du iparragirrek, eta infekzio txiki batek haren bizia arriskuan jar dezakeela ohartarazia zuten sendagileek. Abuztuan ekarri zuten Euskal Herrira bere osasun egoera txarra dela eta. Hainbat gizarte eragilek eskatu dute Iparragirreren askatasuna, besteak beste, EAk, Bilduk, Aralarrek, Alternatibak, LABek eta Amnistiaren Aldeko Mugimenduak.

Gaur goizean Gernikako Akordioaren ordezkaritza bat Gurutzetako Ospitalean izan da presoa bisitatu nahian baina ez diote utzi. Tasio Erkizia ezker abertzaleko kideak esan du arduragabekeria dela presoarekin egiten ari direna.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.