Euskal Presoak

Ibon Iparragirre bihar iritsiko da Arrasatera, Etxerat-ek jakinarazi duenez

Euskal presoa 16:00ak aldera iristea espero du elkarteak. Iparragirre ohiko moduan lekualdatuko dutela salatu du Etxeratek, eta espetxe arduradunek presoa anbulantziaz zuzenean Arrasatera (Gipuzkoa) eramateari uko egin diotela.

Ibon Iparragirre aske uztearen aldeko ekintza Galdakaoko ospitalean (Bizkaia), joan den azaroan. LUIS JAUREGIALTZO, ARGAZKI PRESS
2018ko urtarrilaren 18a
16:58
Entzun

Iparragirre Alcala Meco espetxetik atera zuten, atzo, 17:00etan. Angelita Burgoa presoaren amak adierazi zuenez, Iparragirre Madril inguruko beste espetxe batera eramatekotan ziren, eta gaur Zaballako espetxera (Araba) lekualdatzea espero zuten, Arrasatera eraman aurretik. Azkenean, bihar eramango dute Arrasateko Aita Menni erietxera. Erietxean egonda ere, preso atxikiko dute Iparragirre, bigarren graduan, Jose Luis de Castro epaileak hala erabakita.

 Iparragirreren senideek salatu dute ez dakitela presoa zehazki non dagoen. Iparragirre Arrasatera iristen denean haren deia jasotzea espero dute. Ez dute uste presoa heltzen denean bisitatzen utziko dietenik, eta ziurrenik datorren astera arte itxaron beharko dutela adierazi du Iparragirreren anaiak.

Gaixotasun larria du Iparragirrek, eta hil edo bizi dago, behin eta berriro egindako mediku proba guztiek erakutsi dutenez. Presoa aske uzteko eskatu dute haren abokatuek behin baino gehiagotan, baina Espainiako Auzitegi Nagusiko Espetxe Zaintzako epaile Jose Luis Castrok ez du aintzat hartu eskaera, "horretarako baldintzak" betetzen ez zituela eta "berriro delitua egiteko" arriskua zegoela iritzita.

Ramon aldasoro, aske

Ramon Aldasoro euskal preso otxandiarra aske gelditu da gaur goizean. Murtziako espetxetik irten da, hogei urteko kartzelaldiaren ondoren.

1997an atxilotu zuen FBIk, Miamin (AEB), eta AEBetako Justiziak Espainiaren esku utzi zuen 1998ko ekainean. Harena izan zen AEBek Espainiara ETAko kide bat estraditatu zuten lehen aldia.

Senide eta lagunak izan ditu zain espetxeko atarian.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.