Etxerat elkarteak jakinarazi duenez, Ibon Iparragirre Ondarroako presoa Basauriko espetxetik Navalcarnerokora (Espainia) eraman dute. Madrilgo erkidegoan dago kartzela hura.
Iparragirreren senide eta lagunak kezkatuta daude oso. Martxoan berriro kartzelan sartu zutenetik, haren osasun larriagatik arduratuta daude, eta orain, beste ezinegon bat zuten: Basauriko espetxean jasotzen ari zen tratua. Igandean espetxezainek jo egin zutela kontatu die presoak senideei. Astebete lehenago, preso arrunt batek jo zuen.
Ez hori bakarrik: epilepsia krisiak saihesteko beharrezko dituen botikak hartu ezinik dagoela esan die hurkoei, espetxezainek ez dizkiotelako sendagileek agindutako botikak ematen. Beste zerbait ematen diote horien ordez, eta Iparragirrek dio ez dakiela hartzen ari dena zer den ere.
Presoak senideei telefonoz deituta azaldu dienez, igande gauean eraso zioten. Ohi bezala, gaueko zenbatzea egin eta atea itxi zain zegoen, ziegan. Espetxezainak berandutzen ari zirela eta, berak itxi zuen atea. Orduan sartu ziren bi funtzionario ziegan, eta bi zaplazteko eman zizkion bakoitzak, indarrez, lurrera botatzeraino. Kolpea hartu zuen buruan, zauririk egin ez zuen arren.
Iparragirrek senideei hori kontatu dien dei berean esan die ez dituela epilepsiaren aurka behar dituen sendagaiak jasotzen. Azaldu duenez, errespetu moduluan dutenetik ez dizkiote eman botikak.
Hiesa ere badu Iparragirrek; oso garatua, gainera. 2011tik etxean egon da zigorra betetzen horregatik, martxoaren 7an neurria bertan behera utzi eta berriro espetxeratu zuten arte.
Espainia, gaixo larriekin "tematuta"
Etxerat elkarteak salatu duenez, areagotu egin dira gaixorik dauden euskal presoen aurkako erasoak: "Espainiako Gobernuak itxura gogorra erakutsi nahi du, eta helburu hori lortzeko egoera makalean daudenen aurka egin behar dela erabaki du". Horren adibide jarri ditu Josu Uribetxebarria eta Iparragirreren kasua. Etxerat-en ustez, halako jarrerak ezin dira onartu, "mendekuz eta krudelkeriaz" ari baita Espainia.