Ibon Iparragirre presoa etxetik erietxera eraman dute, epilepsia krisi baten ondorioz

2012ko maiatzaren 7a
17:57
Entzun

Ibon Iparragirre Burgoa euskal presoa Basurtu Bilboko ospitaleko ZIUn sartu dute, epilepsia krisi baten ondorioz, Etxerat elkarteak jakinarazi duenez. Atzo izan zuen ezbeharra, eta anbulantzia medikalizatu batean eraman zuten erietxera. Ospitalean medikazioaren bidez bere egoera kontrolatzea lortu dute, eta hobera egin du. 

Iparragirrek GIB birusa du, eta bere egoeraren larritasunagatik Basauriko espetxera ekarri zuten 2011ko irailean. Urrian ospitalean oso egoera larrian egon ondoren, etxera itzuli ahal izan zuen, bere zigorra espetxeratze arinduan betetzeko.

"Hala ere, ez dugu ahaztu behar espetxeratze arinduan dauden presoak ere preso daudela. Hau da, etxean egon arren, muga asko dituzte ezarrita", dio Etxeratek. "Ibon Iparragirreren kasuan ere, egunero lau orduz etxetik atera daitekeen arren, 20 ordu etxean igaro behar izaten ditu. Eta etxean egon arren, kostatu egiten zaio bere osasunerako zenbait behar bermatzea. Izan ere, GIB birusak zenbait lesio eragin dizkio garunean, eta Ondarroan [bere herrian] neurologoak gomendatutako ikastaro bat egiteko eskaera egin zuen espetxean. Baldintza guztiak bete bazituen ere, hasiera batean ez zioten utzi ikastaroa egiten, medikuaren informeak agertzen ez zirela aitzakiatzat jarriz. Azkenean, berandu baina ikastaro hori egiten hastea lortu du".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.