Ibon Iparragirre presoak hiesa dauka, eta "erdi itsututa" dago. Behin eta berriz eskatu du larri gaixo dagoenez aske uzteko, baina ez diote baiezkorik ematen. Alcala Mecoko espetxean daukate preso (Madril, Espainia), eta Iparra Galdu Baik elkarteak salatu duenez, espetxe funtzionarioek jo egin dute aste honetan. Gainera, 30 hilabetean jaso duen bosgarren eraso fisikoa dela salatu dute.
Elkarteak jakitera eman duenez, bakartze modulura eramateko zigorraren berri eman zioten funtzionarioek, Iparragirreri, astelehenean. Normalean, jakinarazi bai, baina ez dute eramaten, baina ez zen halakorik gertatu astelehenean. Zazpigarren modulura eraman zuten. Han, lau funtzionariok bost zaplazteko eman zizkioten, ziegan lotuta edukiko dutela mehatxu egin zioten, eta gainera iraindu egin zuten. Denbora apur bat ziega batean eduki ostean, berriz ere bosgarren modulura eraman zuten.
Iparra Galdu Baik elkarteak azaldu duenez, azken hilabeteetan hainbat parte sartu dizkiote Iparragirreri, "horietatik gehienak, funtzionarioek beraiek probokatutako egoerengatik". Parte horien ondorioz bakartze moduluetan sartu beharko lukete, baina elkartearen arabera, ez dute hala egiten, legeak debekatzen dielako eta bakartze modulura eramanez gero, gainerako euskal presoekin egongo zatekeelako. Izan ere, Iparragirrek bi urte daramatza Alcala Mecon, gainerako euskal presoengandik bananduta.
Presoa berehala aske uzteko eskatu du elkarteak.