Azken gertaeraren berri Iparra Galdu Baik plataformako kideek eman dute, gaur [urriak 24] eguerdian. “Ibonen senideek 12:00etan bisita zuten (Zaballako espetxean), eta sartzera zihoazela bisitarik ez zutela esan diote haren amari. Zehatz esanda, bisiten zerrendan ez zirela agertzen esan diote. Bisitarik ez edukitzearen zergatia galdetu dutenean, bertan ez dagoela ziurtatu diete kartzelako arduradunek. Burgosko espetxe batera lekualdatu dutela esan diete”.
Ondarroan gaur eguerdian egindako elkarretaratzea
Iparragirreren lagun eta senideek nabarmendu dutenaren arabera, espetxe zuzendaritzako arduradunek Burgosko kartzelan bisita egiteko baimena eman diete gaur arratsaldean. Azken uneko aldaketarik ezean, 17:15ean edukiko dute bisita senideek. “Azken bidaia egin ostean, orain momentuan ze egoeratan dagoen ikusi beharko da Ibon. Aurreko astean lekuz aldatu zutenean jota amaitu zuen, eta ea oraingoan nola dagoen”.
Azken urruntze hau salatzeko, bihar, 13:00etan, elkarretaratzea egingo da Ondarroako Alamedan. “Egoera hau amaitzeko ordua da. Ibon eta larriki dauden presoak etxean nahi ditugu”.
Bestalde, gaur, dozenaka lagunek eta Lea-Artibaiko EAJko eta EH Bilduko hainbat zinegotzik Ibon Iparragirre etxeratzeko eskatu dute Ondarroan egindako elkarretaratze isilean. Etxean nahi dugu lelopean, ordu laurden inguruko elkarretaratzea egin dute.