euskal presoak

Ibon Iparragirrek "bizirik eta berehala aske" behar duela aldarrikatu dute

Igande eguerdian manifestazioa izango da Ondarroan.

2011ko urriaren 13a
16:20
Entzun

Ibon Iparragirre euskal presoa askatzeko aldarrikapena egin dute hainbat lagunek gaur Bilbon. Duela hogei urtetik GIB birusarekin kutsatuta dago Iparragirre, eta azkenaldian haren egoerak okerrera egin du. Hiltzeko arriskua duela ohartarazi dute eta, ondorioz, "bizirik eta berehala aske" behar duela aldarrikatu dute gaurko agerraldian.

Igandean manifestazioa izango da Ondarroan —hangoa da presoa—, 12:30etik aurrera.

Iparragirre herenegun Basauriko kartzelatik Basurtu Bilboko erietxera eraman zuten, sukarrak jota, baina familiari presoa bisitatzea eragotzi dio Ertzaintzak. Egoera hori ere salatu dute Ondarroako agerraldian. "Iboni ez zizkioten eskuburdinak kendu, familiak ezin izan du harekin egon eta abokatuari mota guztietako trabak jarri dizkiote Ibonekin egoteko. Demokrazia eta oinarrizko giza eskubideak urratzen diren estatuetan gertatzen dira halakoak".

Espetxe politika aldatzeko eskatu dute, bide batez. "Kartzela politika honek ezin du konponbide demokratiko, bake eta eskubide urraketarik gabeko agertoki baten ukazioa betikotzeko armategia izan. Eskandalu politiko erraldoia, giza eskubideen alorrari dagokionez sekulako drama, eta euskal jendartearen gehiengoaren nahia eta borondatearen kontrako eraso larria da".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.