Senideek hainbatetan azaldu bezala, osasun publikoko 300 bat medikuk maiatzaren 17an ohartarazi zuten Eusko Legebiltzarrean, espetxean jarraituz gero, Ibon Iparragirreren bizitza "arriskuan" dagoela. Bi aste eskasera, pneumoniarekin ospitaleratu behar izan zuten, Gregorio Marañon erietxean. Oso larri dago euskal presoa: hiesa du, C3 estadioan —fase aurreratuan—, eta ondorio ugari eragin dizkio horrek; besteak beste, edozein infekziok ekar diezaiokeen arrisku handia. Hala ere, senda-agira eman diote asteon, eta Alcala-Meco (Madril) espetxean sartu dute berriro.
Horren aurrean, Kalera Kalera dinamikak deituta, manifestazioa egin dute Bilbon. Ibon kalera lelopean, Iparragirre aske uzteko eta presoak etxeratzeko eskatu dute.
Hedabideei eginiko adierazpenetan, Oihana Garmendiak presoaren egoeraz ohartarazi du: "Iparragirrek ez du denbora asko. Bi hilabete? bi aste? bi egun?". Salatu du, Iparragirreren osasun egoera hori den bitartean, Espainiako Gobernua "gerra posizioan" dagoela.
Hori dela-eta, dei egin du Euskal Herrian adostera "gatazkaren ondorioak gainditzeko bide-orri bat". Gainera, EAJri galdetu dio zer egiten ari den "egoera horrekin amaitzeko: zer irabazten du euskal gizarteak hildako bat gehiago egonda?".