Ibon Iparragirre Ondarroako presoa aska dezatela eskatuko dute larunbatean Ondarroan, manifestazio batean. 13:00ean aterako da, Zumarditik.
Iparragirre larri gaixo dago. Besteak beste, hiesa du, oso garatuta eta sendaezina. Defentsak gutxienekoetan ditu, 150ean —normalean 1.500ean izan beharko lituzke—. Edozein infekzio txikik ondorio oso larriak izan ditzake harengan. Bestetik, azken urtebetean hiru aldiz aldatu dute kartzelaz. Egun Alcalan dago, eta joan den astean moduluz ere aldatu zuten. Lau bider jipoitu dute, halaber, azken urtean.
Bere egoera salatzeko, eta aska dezaten eskatzeko deitu du manifestazioa Iparra galdu baik taldeak, Iparragirreren aldeko sostengu taldeak.
Bestalde, taldeak azaldu duenez, dagoeneko 4.700 gutun jaso dituzte espetxe erakundeetara, kartzelako zuzendaritzara eta espetxe zaintzako epaileengana igortzeko. Eskerrak eman dituzte kanpainan parte hartzeagatik, eta epea ostiralean amaituko dela gogorarazi dute.