Eudel EAEko udalen elkarteak, iragarri bezala, gaur hautatu du Ibone Bengoetxea presidente, EAJ, PSE eta PPko botoekin. Durangon egin dute batzarra, eta 525 botoetatik 486 jaso ditu. Independenteen plataformak 29 boto eskuratu ditu eta hamar boto txurizkoak izan dira. Bilduk ez du hautagarik aurkeztu, esana zuen bezala, eta ez du zuzendaritzan parte hartuko; EAJren jokabidea salatu du.
Zuzendaritzan EAJkoak dira bederatzi kide, PSEkoak lau eta PPkoak bi. Presidenteordeak Jose Antonio Santano Irungo alkatea (PSE) eta Javier Maroto Gasteizko alkatea (PP) dira.
Bengoetxea Bilboko EAJko zinegotzia da, eta Jokin Bildarratz (EAJ) Tolosako hautetsia ordezkatu du Eudeleko presidente karguan.
EAEko udalen lege berria egitea izango da elkartearen helburu nagusietakoa, haren arabera.
1982an sortu zuten Eudel, eta Bengoetxea da lehen lehendakari emakumezkoa. Iñaki Oregi, Jose Maria Gorordo, Jose Maria Gonzalez Zorrilla, Karmelo Sainz de la Maza eta Bildarratz izan dira aurreko presidenteak.
Joan den maiatzaren 22ko hauteskundeen ondoren, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan Bilduk ditu alkate gehien: 106. EAJk 93 dauzka, PSEk 8, PPk 6.