konponbideari begira

Idahoko Estatuak ETAren urratsa txalotu du, eta elkarrizketa bultzatzeko eskatu die gobernuei

Laguntza eta babesa eskaini die “gobernu demokratikoei”, Frantziakoari zein Espainikoari, baina baita Nafarroakoari eta Eusko Jaurlaritzari ere, “bake iraunkorra ezartzeko bake prozesu bat abiarazteko, terrorismoaren biktima guztiak aintzat hartzeko eta euskal lurraldeen etorkizun konstituzionalerako bide demokratiko guztiak eta erreferendum baterako aukerak aintzat hartzeko esfortzuen garapenean”.

Koldo Aldabe.
2012ko martxoaren 21a
19:04
Entzun

Idahoko (AEB) Estatu Gaietarako Batzordeak, Kongresuaren eta Senatuaren bilkura bateratuan, Euskal Herrian irekitako aro politiko berriari buruzko itxaropena adierazi du adierazpen instituzional bidez. “Ipar Ameriketako euskal populazioaren erdigune izanik”, beste hainbat aldiz egin bezala, Idahoko Estatuak hitza hartu nahi izan du oraingo aldi honetan ere. Legebiltzarrak “goraipatu” egin du ETAk iragan urrian iragarri izana “ekintza armatuen behin betiko etena eta terrorismoaren amaiera”, eta horrekin batera, Espainiako, Frantziako, Nafarroako eta EAEko gobernuei dei egin die “euren ekintzen bidez elkarrizketa bultza dezaten euskal lurraldeetan, bake iraunkorra lortzeko”.

“Gobernu demokratikoei” babesa eta laguntza eskaini die bake iraunkor bat lortzeko negoziazio prozesu bat eratzeko esfortzuetan. Baita “terrorismoaren biktima guztien errekonozimendurako” eta “euskal lurraldeen etorkizun konstituzionalaren inguruan bide demokratiko guztiak eta erreferendum baterako aukerak aztertzeko” ere.

Idahoko Estatuaren adierazpen ofizial horren berri emango diete AEBetako Estatu idazkariari, AEBetako Senatu eta Kongresuari, Legebiltzarreko Idahoko ordezkariei, Espainiako gobernuburuari, Frantziako lehendakariari eta Nafarroako eta Eusko Jaurlaritzako lehendakariei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.