Idazlagun, euskaraz ari denak autonomia izan dezan

Euskarazko aplikazio informatiko berria aurkeztu dute Eleka Ingeniaritza Linguistikoko kideek

Donostia
2011ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Nola deklinatu megabyte? Nola idatzi congreso administrativo euskaraz? Mintzatu naiz ala mintzatu dut ote? Hamaika zalantza sortzen zaizkie euskaraz idazten dutenei, eta jirabiraka aritzen dira, sarean dauden hizkuntzabaliabideetan erantzun bila. Oztopoak lausotu eta euskaraz idatzi behar duten profesionalei laguntze aldera sortu du Eleka Ingeniaritza Linguistikoak, hain justu, Idazlagun aplikazio informatikoa.

Lanpostuan eskaraz egin behar duenari baliabide bat eskaintzea du helburu eleaniztasuna kudeatzeko baliabideak ikertzen dituen talde horrek. Elekako buru Iñaki Irazabalbeitiak adierazi duenez, euskaraz ari direnek lana «errazago, erosoago eta zuzenago» egin dezaten espero dute, «autonomia izateko eta txukunago idazteko». Funtsean, lanaren eraginkortasun kontua dela esan du arduradunak.

Programarik instalatu gabe erabil daitekeela nabarmendu du produktuaren arduradun Elena Garciak, Idazlagun.eu webgunean eskura baitago aplikazioa. Bereziki mikroenpresei zuzendua dago, baina enpresa txiki, ertain, administrazio publiko edota freelance moduan ari direnengan ere pentsatu dute ikertzaileek zerbitzua sortzean.

Aplikazio modularra izaki, pertsona edo erakundearen beharretara egokitzeko aukera ematen du, horiek beren glosario edota itzulpen memoriak aplikazioari atxikiz. Pribatuak direnez, gainontzeko erabiltzaileek ez dute horiek erabiltzerik. Gainera, etorkizunean interesgarriak izan litezkeen beste hainbat modulu garatu eta integratzeko aukera izango da.

Hitz bat hainbat hizkuntza eta hiztegitan aldi berean kontsulta daiteke aplikazioan. Gramatikari dagozkion zalantzak argitzeko laguntza ere eskaintzen da, adibidez, aditza jokatzeko erak erakutsiz. Baina hitzak beren kaxa bilatzea ez da beti aski izaten, eta hartarako dago itzulpen memoria, erabiltzaileak hitzak zenbait testuingurutan nola erabili izan diren ikus dezan. Elhuyarren beraren Opentrad baliabidearen bidez esaldi mailako itzulpenak egin daitezke aplikazioan, baina ez dago haratago joaterik. Galdera zuzenak egiteko aukera ere bada, eta gorde egiten dira erantzunak, hurrengo erabiltzaileak aurrez eman den emaitza jaso dezan. Erabiltzaileen arteko elkarreraginkortasuna sustatu nahi da hala.

Ez da librea

Dohako pare bat zerbitzu salbu, erabiltzaile kopuruaren araberako tarifak eskaintzen ditu Elekak. Lau erabiltzaile bitarteko norbanako eta enpresek 20 euro ordaintzen dute hilean Idazlagun estandarraren trukean, baina badute diseinua eta interfazea egokiturik dituen zerbitzua edo beren itzulpen memoriaren integrazioa eskatzerik ere. Bestelako prezioa dute 30 erabiltzaile bitarteko enpresa eta erakundeek, eta koxkorragoei neurrira egiten zaie aurrekontua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.