Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratu dute gaur goizean hurrenez hurren Deia egunkariko kazetari eta umorista Jose Antonio Rodriguezek zein Javier Ripak, baita Nicola Lococo idazleak ere. Haiek egindako biñeta bat eta artikulu banatan Espainiako erregea "iraintzea" leporatzen die Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak. Hain zuzen, Fernando Grande Marlaska epailearen aurrean deklaratu dute, denbora laburrez.
Hala ere, fiskala ez azaldu saiora, eta epaileak orain honi Rodriguezek, Ripak eta Lococok esan dutena bidaliko dio. Duela aste batzuk, arrazoi bera leporatuta, fiskalak 3.600 euroko isuna eskatu zuen El Jueves aldizkariko bi marrazkiegilerentzat.
Rodriguezek eta Ripak 2006ko urriaren 31n Espainiako erregea Errusian ehizan ari zela-eta marrazkia argitaratu zuten Deia-ren asteko gehigarrian. Han "artza eta biak, edo artza baino ez, mozkortuta baleude bezala ageri ziren", Rodriguezek azaldu duenez.
Egun batzuk lehenago, Lococok Deia eta Gara egunkarietan ehiza saio hartaz iritzi artikulua argitaratu zuen.
Auzitegi Nazionaleko fiskalburu Javier Zaragozak haien kontrako kereila jarri zuen urtarrilaren 4an. EspainiakoZigor Kodearen arabera, sei hilabete eta bi urte arteko kartzela zigorra jaso dezakete.
Txema Montero Deia-ko bi langileen abokatuak auzia "astakeria" dela adierazi du, eta Espainiako koroari "neurriz kanpoko babesa" eman nahi diotela auzitegiek. "Agian, koroaren beraren ahultasunarekin zerikusia dauka horrek".
2003an ere jarri zuten beste kereila bat Rodriguezen eta Riparen kontra. Hala ere, orduan Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskal Nagusia zen Eduardi Fungairiñok kereila kendu egin zuen jarri eta hiru egunetara. Beraz, Guillermo Ruiz Polanco epaileak ez zuen ezer egiterik eduki, eta inolako zigorrik gabe geratu ziren Rodriguez eta Ripa.
Komunikabideak
Idazle batek eta 'Deia'-ko bi kazetarik Madrilen deklaratu dute gaur, Espainiako erregea iraindu zutelakoan
Fiskala ez da azaldu Espainiako Auzitegi Nazionaleko saiora. Txema Montero abokatuak auzia "astakeria" dela adierazi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu