Feministaldia

Identitate "okerrak" aldarri hartuta, martxan da Feministaldia

Atzo hasi zuten Kultura Feminista Jaialdiaren XIII. edizioa, Donostiako Tabakaleran. Ekitaldi ugari egingo dituzte larunbatera arte.

Feministaldiaren aurkezpena, gaur, Donostian. JON URBE, FOKU
2018ko abenduaren 11
09:37
Entzun

"Identitate okerrak", "bizitzeko modu okerrak" aldarrikatu nahi dituzte aurtengo Feministaldian. 2006an egin zuten lehen aldiz Kultura Feminista Jaialdi hori, eta hamahirugarren edizioa izango da aurtengoa. Plazandreok emakumeen plataforma politikoak antolatzen du jaialdia, Tabakaleraren laguntzarekin. "Arautik kanpo dauden bideak" urratu nahi dituzte, "eraiki, eta bertan bizi", Okerrak leloa hartuta.

Atzo arratsaldean ekin zioten aste osoko egitarauari Donostiako Tabakaleran. "Iruditegia zabaltzeko praktika artistikoen" inguruan aritu ziren; zehazki, horiek hezkuntzan txertatzeari buruz. Txakur Gorria kolektiboak gidatuta egin zuten lehen saioa, eta gaur ere gai horren inguruan segituko dute, Saioa Olmo artista, ikerlari eta irakaslearekin.

Bihar ez dute saiorik izango, baina ostegunean jarraituko dute Tódalas mulleres que coñezo (Ezagutzen ditudan emakume guztiak) filmaren proiekzioarekin. Xiana do Teixeiro zuzendaria bertan izango da, eta harekin solasteko aukera izango da filma ikusi ondoren. 20:00etan, berriz, "Lodiaktibismoa, baztertuon ertzetako feminismoa eta porrot zein arrakasten kudeaketa" hitzaldia emango du Itsaso Ramonak feminista eta lodiaktibistak. Maialen Lujanbio bertsolariaren "rr" emanaldia izango da ondoren, 21:00etan.

Goizetik gauera arteko egitaraua izango dute larunbatean. 11:00etan, mahai-inguru bat egingo dute Nerea Barjola eta Ana Burgos Garciarekin. "Alccàser kasua eta sexu-terrorearen konfigurazioa komunikabideetan" eta "Gaua, jaia, drogak eta indarkeria sexualak" landuko dituzte, hurrenez hurren. 13:00ean, Uxue Alberdi bertsolariak emango du hitzaldia ("Bertsoraino"), Txus Garcia hezitzaile soziokulturalak 17:00etan ("Zoroa, Sorgina eta ispilua: Bidaia queer bat, tarotaren 22 arkanoetan barna"), eta Brigitte Vasallo idazle, formatzaile, LGTB ekintzaile eta feministak 18:30ean ("Disney maitasunak, Snuff hausturak").

Amaitzeko, Zorrak bertsio jaialdia egingo dute Le Bukowskin. Anarik, Mursegok, Saioak, Lorea Argarate eta Ines Osinagak, Birkitek, Micek, Ezusteko Bandek eta Set Dj-ak hartuko dute parte. Hori izan ezik, Tabakaleran izango dira gaineako ekitaldi guztiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.