Sabino Arana Fundazioaren Goaz egoitzan aurkeztu du liburua Juan Jose Ibarretxe Jaurlaritzako lehendakari ohiak, dozenaka enpresari, buruzagi jeltzale eta Bogotako herritarrekin. Izan ere, Bogotako La Oveja Negra argitaletxeak argitaratu du liburua, hango euskal etxearen laguntzarekin.
"Euskal eredua" aztertu ondoren, nork bere identitateari eusteak herri gisa garatzea, ongizatea areagotzea eta ekonomikoki haztea ere dakarrela ondorioztatu du.
Hazkunde ekonomikoa bilatu beharraz aritu da Ibarretxe aurkezpenean. Baina argi utzi du ez duela nolanahiko hazkunderik nahi. Aurrerapen ekonomikotik haratago, "herritar guztien ongizate eta zoriontasuna" bilatzen duela azaldu du, eta horretarako, ezinbestekotzat duela nork bere nortasunari, izaerari eta kulturari eustea. Hortaz, erabakitzeko eskubidea defendatu du, garapenean eta ongizatean sakontzeko gako gisa. Gainera, herri txikiek aurrera egiteko gaitasun handiagoa dutela ohartarazi du.
"Euskal ereduari" ikusi dizkion onurak aletu, eta aintzat hartzeko gomendioa eman die munduko herriei, etorkizun jasangarria eraikitzen lagun dezakeela sinetsita.
Aurkezpenean izan da, besteak beste, Iñigo Urkullu EAJren Jaurlaritzarako lehendakarigaia.