Sakonekoa da Aralarren barruko desadostasuna. Eusko Legebiltzarreko lantaldearen inguruan sortutako ika-miketatik harago doa. Izan ere, alderdiaren zuzendaritzak erabakitako ildo estrategikoarekin bat ez datorren sektore baten jarrera islatzen du Aintzane Ezenarro, Mikel Basabe eta Oxel Erostarbe legebiltzarkideekin sortutako aferak.
Alderdiko barne eztabaidak 2009an egindako IV. Kongresuan du jatorria. Orduan, «etorkizuneko ezker abertzale zibil eta zabala» eraikitzearen alde egin zuten Aralarreko militante gehienek, eta han erabakitakoaren jarraipena egitea berretsi zuten iazko irailean Derion, V. Kongresuan. Azken kongresu horretan, %71,75ek babestu egin zuten Aralar Espainiako hauteskunde orokorretara EA, Alternatiba eta ezker abertzalearekin batera Amaiur koalizioaren barruan aurkeztea, baina %23,77k kontra bozkatu zuten. Bozketa horrek agerian utzi zuen alderdi barruansektore batek ez zuela bat egiten abertzaleenarteko indar metaketarekin.
Denborak aurrera egin ahala, desadostasunak agerikoagoak egin dira. Hala, joan den martxoaren 3an Gasteizen egin zuten Hegoaldeko ohiko batzarrera Aralarreko lau legebiltzarkideetatik bakarra egon zen: Dani Maeztu. Ezenarrok, Erostarbek eta Basabek ere ez zuten parte hartu bozketan.
Gipuzkoako desadostasunak
Desadostasun estrategikoa da, ideologikoa baino gehiago. Ezkerreko indar subiranistekin batera aliantza estrategikoak egitearenaurka dauden Aralarreko hainbat militante eta kargudun publikok bereziki Gipuzkoan dute indarra. Joan den urrian egin zen Gipuzkoako Batzarrean agerian gelditu zen, herrialdeko koordinatzailea aukeratzeko orduan.Bozketa oso paretsua izan zen.Ernesto Merinoren hautagaitza nagusitu zen, baina oso boto gutxigatik. Kritiko talde bat Aizkorri deituriko talde batean bildu zen, eta barne mailan Patxi Zabaletaren zuzendaritzak hartutako erabakiekin oso kritiko azaldu ziren, eta Aralarren proiektua «agortuta» dagoela adierazi zuten. Aizkorri taldekoak Aralarreko beste kide batzuen jarreraren alde azaldu dira; Ezenarro legebiltzarkidearen jarreraren alde, esaterako.
Azkenaldian, bideak urrundu egin dira. Aralarreko militante gehienek datozen hauteskunde autonomikoei begira abertzale ezkertiar eta subiranisten indar metaketaren alde egin dute. Militante batzuek ez dute gogo onez hartu erabaki hori, Aralarren proiektu autonomoa nahiago dutelako. Aldi berean, EA, ezker abertzalea, Aralar, AB eta Alternatiba alderdiek akordio estrategiko bat lantzeari ekin diote. Konpromiso horren berri eman dute duela bi aste. AintzaneEzenarro eta beste zenbait kide ez daude ildo horretan.
Desadostasun estrategiko horien erdian iritsi da Eusko Legebiltzarreko lantaldearen inguruko ika-mika. Horretan, Amaiurren dauden lau alderdiak jarrera bateratua markatzen saiatu dira, baina Ezenarro, Basabe eta Erostarbe legebiltzarkideek jarrera propio bat hartzea hobetsi dute.
Ideologikoa ez, estrategikoa
Aralarreko zuzendaritzak abertzaleen arteko elkarlanaren alde egin izanak sortu ditu desadostasunak alderdi barruan. Sektore batek ez du babesten apustu hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu