Idoia Garmendia libre utzi dute, Frantziak Espainiaratu ostean

2003an atxilotu zuten, eta gaur bete du zigorra. Madrilen utzi dute aske. Frantziak Anartz Oiarzabal presoa Espainiaratu du gaur.

2007ko uztailaren 13a
17:50
Entzun
Idoia Garmendia presoa (Ordizia, Gipuzkoa) libre geratu da gaur, Askatasuna erakundeak jakinarazi duenez, Frantziak Espainiaratu ondoren. Madrilera eraman dute, eta han libre utzi dute.

2003an atzeman zuten Bordelen (Frantzia), ETAko kidea zelakoan, eta sei urteko kartzela zigorra jarri zioten. Gaur bete du zigorra. Ekainaren 29tik gose greban egon da, Espainiaratzea salatzeko.

Askatasunak salatu egin du Frantziaren jokaera, "beste urrats bat egin duelako, presoa mugan utzi beharrean Madrilera eraman dutelako". Garmendiaren senideak Gironara (Herrialde Katalanak) joan dira, presoa han utziko zutelakoan. Garmendiak berak esan die Madrilen zegoela.

Ordizian batzarra egingo dute gaur, 20:30ean, plazan.

Frantziako Gobernuak beste preso bat ere Espainiaratu du gaur: Anartz Oiarzabal Ubierna, Espainiako Auzitegi Nazionalak eskatuta, epaitzeko, erakunde armatuaren kide izatea leporatuta.

Polizia iturrien arabera, Oiarzabalek (30 urte, Donostia) 2001ean egin zuen ihes, Torreviejan (Herrialde Katalanak) Olaia Kastresana lehergailu bat manipulatzen ari zela hil eta gero. 2002an atxilotu zuten, Niorten (Frantzia), ustezko lau etakiderekin batera.

Espainiak, berriz, Frantziara itzuli du gaur Gregorio Vicario Setien (49 urte; Durango, Bizkaia), zigorra betetzen segitzeko. Frantziak behin-behinerako Espainiaratu zuen, Auzitegi Nazionalean epai zezaten. Besteak beste, Jose Maria Aldaia enpresariaren bahiketari buruz epaitu dute, eta errugabe jo dute horregatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.