Alderdiaren onespena jaso du dagoeneko PSE-EEko zuzendaritza berriak. Hamabost pertsonak osatuko dute orotara buruzagitza berria, eta Idoia Mendia egongo da ororen buru. Harengadik gertu, berriz, Miguel Morales eta Begoña Gil. Horien guztien helburu nagusia izango da Alderdi Sozialista "erreferente" bilakatzea, eta, horretarako, "guztien elkarlana" eskatu du buruzagi berriak. "Herritarrekin genituen loturak berreskuratu behar ditugu, alderdi honek zuen amets egiteko ahalmena berpiztu eta amets horiek lortzeko borrokatu".
Mendiak alderdia utzi berri duten kideak izan ditu gogoan kargu hartu berritako lehen agerraldian. Izan ere, Rodolfo Aresek eta Jesus Egigurenek iragarri berri dute politikagintzaren lehen lerroa utziko dutela. Patxi Lopezek, berriz, legebiltzarkide kargua utzi du Madrilera joateko. Haren inguruan, "bakearen alde lan egin" duela nabarmendu du Mendiak.
Bestetik, eta aurrera begira, lanean jarraitzeko konpromisoa dutela iragarri du Mendiak. Haren esanetan, alderdi sozialista da "pluraltasuna eta tolerantziaren bermea". "Ez dugu denbora galduko inora ez doazen eztabaidetan. Partekatzeko herrialde bat nahi dugu. Identitatea ez da gure politiken motorra".
Jaurlaritzari mezua
Buruzagitza berriak dagoeneko helarazi dio Jaurlaritzari lehen oharra, eta eskatu dio "baliabide guztiak" bidera ditzala, ekonomia eta lan arloa bere onera itzul dadin. Helburu horrekin politika orokorreko eztabaidan aurkeztuko ditu Mendiak PSEren lehentasunak. "Urkullu ez bada helburu horiekin konprometitzen, jeltzaleekin hitzartutako akordio guztiak gainbegiratuko ditugu".
Horretaz gain, baina, Konstituzioa aldatzeko asmoa ere agertu dute sozialistek, giza eskubideak "hobeto " babes ditzan eta baita estatutua ere, "euskaldunen arazoak konpontzeko baliagarriagoa izan dadin". "Lurralde Historikoen legea gainbegiratu nahi dugu, lurralde eta komunitateen arteko elkarlanerako oztopo izateari utzi diezaion".