Igande goizaldeko bostak aldera bortxatu egin zutela salatu du emakumezko batek. Iruñeko Donibane auzoan izan zen erasoa, salaketaren arabera. Etxera zihoan, eta ezezagun batek bebarru batera sartu eta bortxatu egin zuen. Alde egin zuen gero.
Iruñeko Udaltzaingoan salaketa jarri ostean, abian da ikerketa Iruñeko 4. instrukzio epaitegian. Protokoloa abian jarri dute, eta auzi medikuak azterketa egin dio. Iruñeko Udalaren Biktimentzako Arreta bulegoak ere esku hartu du.
Gizonezkoa indentifikatzeko ahaleginean ari dira orain.
Plazaren erdian, eraso
Bestalde, preso sartu dute Tuteran (Nafarroa) emakumezko bati plaza erdian eraso egin zion 36 urteko gizonezko bat. Foruzaingoari lekukoek kontatu diotenez, Antso Indartsua plazan emakumezko bat ikusi zuten lurrean, soinekoa gora igota, eta haren gainean, gizonezko bat, galtzak jaitsita. Hura gainetik kendu nahian ari zen gizonezkoa. Lekukoak emakumeari laguntzera joan zirenean altxatu eta prakak jantzi zituen gizonezkoak. Emakumezkoa ere jaiki egin zen, eta oihuka hasi zitzaion. Orduan, zaplaztekoa eman zion gizonezkoak, lurrera bota zuen, eta ihesari eman zion. Atxilotu egin zuten.