Igande honetako kontsultan gehienek «bai» erantzun diote berriz Batera-ri

Orotara «Euskal Lurralde Elkargo baten sortzearen alde zirea?» galderari 34.610 lagunek erantzun diote

Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2010eko martxoaren 23a
00:00
Entzun
«Izigarri kontent» daude Batera plataformako kideak. Hain zuzen, igande honetan Ipar Euskal Herriaren ezagupen instituzionalari buruz beste 6.744 hauteslek haien hitza entzunarazi dute, %77,73 alde agertuz, %17,81 aurka eta %2,22 zuri.

Aitzineko igandean 123 herritan egin kontsultak kontuan harturik, orotara 34.610 lagunekhaien hitza entzunarazi dute, %78,22 alde, %19,14 kontra eta %2,73 zuri adieraziz.

Basusarri, Ahetze, Arbona, Ziburu, Azkaine, Senpere, Urruña, Biriatu, Bidarte hirietako hautesleek dute «Euskal Lurralde Elkargo baten sortzearen alde zirea?» galderari erantzuteko parada ukan igande honetan. Aitzinekoan AHTari buruzko galdeketa izanki, gaurko finkatua zen hitzordua. Martxoaren 14an hautesleen %16,5ek parte hartu zuten, eta aldi honetan %27,64k dute haien hitza entzunarazi. Urruñan (Lapurdi), adibidez, 2.157 bozkazaleek parte hartu dute.

Datorren apirilaren 17 goizean eginen den biltzar nagusian, kontsulta horri eman beharreko segidaz erabakiko da. Gaurdanik, partehartzaile guzti guztiei gomita luzatzen dio Batera plataformak.

Erreferendum baten beharra

32.000 bozen muga gainditurik «pozik» daude antolatzaileak. Hain zuzen, bi urteko izenpedura bilketa eginik 2008an Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako 32.000 hautesleek gai horri buruz kontsultatua izatea eskatu zuten.

Menane Oxandabaratz plataformako kideak azaldu duenez, «sendi da eskakizun honi buruz egiazko gogoeta bat nahi dutela herritarrek» eta erreforma baten antolatzearen beharra berretsi du. Horrez gain, Batera-koak baikor agertu dira ikusteaz instituzio berezi baten kontra direnak ere bozketan parte hartu dutela: «Horrek berak erakusten du egiazko eztabaida badela».

Kontsulta horren antolaketa plataformaren irekiduraren isla dela dio Oxandabaratzek: «Iritzi eta tendentzia askotako jendeak bilduz egiazko herri mugimendu baten antolatzen jakin dugu». Batera-ren agiria 110 bat elkartek izenpeturik eta alderdi politiko askotako jendeak bilduz baina inongo alderdiri lotua izanki, Nikolas Blain Makeako (Lapurdi) hautetsi eta Batera-ko kideak argi du: «Daukan irekidurak du mugimendu honen indarra egiten».

Aitzineko igandean Jakes Bortairu Batera-ko kideak adierazi zuenez, «ezingo dira gauzak lehen bezala segitu». Hautetsiek eta Estatuko arduradun politikoek eman beharreko erantzun politikoari buruz «serioski pentsatu» beharko dutela uste du. Argi utzi zuen instituzioaren gaiak orain arte jasan beharra zeukan «mespretxuak» ezingo duela jarraitu.

Alta, herri galdeketa horren antolatzaileek behin baino gehiagotan salatu zuten jasan «mespretxua». Hau da, Pirineo Atlantikoetako departamenduko prefeta den Philippe Reyk bi gutun bidali zizkien auzapez guztiei. Bata urtarrilaren 22an eta bestea martxoaren 1ean. Bietan oroitarazi zien galdeketaren antolaketan ezin zutela parte hartu. Hori ez zela egia eta horrez gain «gutun libertizidak» zirela erranez ihardoki zuen plataformak hasieratik.158 herrietako 90 auzapezek kontsultari haien babesa helarazi zioten.

90

Babesa zabala. Alderdi anitzetakoak diren 122 herritatik 90 herritako auzapezek eman diote babesa herri galdeketari, baita Auzapezen Biltzarrak ere. Panpi Dirazar Batera-ko kide den hautetsiak adierazi izan du «indar politikoen aniztasunak du gure indarra egiten».

12.000 manifestaritatik34.610 bozkatzailetara

1999. Euskal departamenduaren alde 10.000tik gora lagun atera ziren Baionako karriketara.

2002. Batera plataforma sortu zuten. Euskal Herriko Laborantza Ganbera, berezko unibertsitatea, euskal departamendua eta euskararen koofizialtasuna eskatzeko sortu zuten. Plataformaren araudia 110 elkarte, sindikatu eta gizarte zibileko ordezkarik izenpetu zuten.

2005ko urria. Ipar Euskal Herriko auzapezen %64 euskal departamenduaren eskaerari buruzko kontsultaren alde agertu ziren. 159 auzapezetatik 131k erantzun zuten.

2008ko martxoa. Pirinio Atlantikoetako departamenduko 36.000 lagunek kontsultaren eskaera sostengatu zuten. Horien artean, Ipar Euskal Herriko 32.000, hau da, bertako hautesleen %15ek.

2009ko urria. Izenpetze kanpainan bildu sostengu guztiak Baionako Suprefeturara ekartu zituen hautetsi eta auzapez delegazioa batek. Suprefetak ez zuen onartu beren errezibitzea.

2009 bukatu baino lehen. Batera-k kontsultaren antolatzea erabaki zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.