Herriz herri ari da gorpuzten azken asteetan Gure Esku Dago erabakitzeko eskubidearen aldeko mugimendua, eta, datorren igandean, Lekeition aurkeztuko dute herrian sortutako taldea. 13:00ean dute ordua, herriko plazan, eta jaialdi bat egingo dute aurkezpenerako.
Bertan, beren nondik norakoak ezagutarazi, eta manifestu bat sinatuko dute. Herrian erreferente diren hainbat kirolari, langile, politikari eta abarrek izenpetuko dute agiria lehenik, eta gainerako herritarrek egingo dute beste hainbeste ondoren.
Gure Esku Dago-k ekainaren 8rako egin du giza katea osatzeko deia, eta Iruñea eta Durango batzea du helburu. 12. kilometroan egotea egokitu zaie lekeitiarrei, eta gutxienez 400 lagun behar dituzte horretarako. Deialdia bereziki egin diete lekeitiar eta mendexarrei, baina eskualdeko eta Euskal Herri osoko herritarrei dei egin diete jaialdian parte hartzera.