Joan den igandean aurkitu zuten Manu, hilik, Basauriko (Bizkaia) San Pedro parrokiako elizpean. Bilbotarra zen, eta 58 urte zituen. Bi urte zeramatzan Basauriko kaleetan bizitzen. BesteBi plataformak omenaldia egin dio goizean, eliza aurreko plazan. Eta haren heriotza salatu du. Azaldu dute sare "informal" bat sortu zuela bere inguruan, Basaurin errotu ahal izateko. "Baina parrokiatik eta beste eragile batzuetatik jasotzen zuen laguntza ez zuen nahikoa izan bizimodu berri bat hasteko".
Gizarte zerbitzuen kartera garatzeko eskatu die BesteBik erakunde publikoei. Neguan aurkeztu zuten Jaurlaritzak, hiru diputazioek, Eudelek eta hiru hiriburuetako udalek Etxegabeen Plana. Estrategia hori martxan jartzea nahi du plataformak, ez dadin beste inor kalean hil.