Erabakitzeko eskubidea

Igandean beste 13 herritan galdetuko dute estatus politikoari buruz

Denera, 160.853 herritarrek izango dute botoa emateko aukera. Getxo izango da orain arte galdeketa egin duten herrien artean biztanle gehien biltzen duena: 68.136. Herri horietako ordezkariek agerraldi jendetsua egin dute Galdakaon, galdeketen xehetasunak emateko. Berria-ren webgune berezia.

Herrietako ordezkariak, Galdakaon eginiko agerradian. MARISOL RAMIREZ (ARGAZKI PRESS)
jokin sagarzazu
2017ko azaroaren 1a
07:22
Entzun

Hamahiru herritan galdetuko dute igandean. Gipuzkoako Andoainen eta Beizaman eta Bizkaiko Areatzan, Atxondon, Berangon, Erandion, Elantxoben, Galdakaon, Getxon, Mundakan, Ibarrangelun, Leioan eta Otxandion.

Herri horietako ordezkariek agerraldia egin dute Galdakaon, galdeketei buruzko xehetasunak emateko (testuaren amaieran irakur daitezke). Igandekoa "eskubide zibilak defendateko" ariketa moduan definitu dute.

“Parte hartzeak egiten gaitu herri, boto eskubideak herritarrak maila berean kokatzen gaitu eta, gure botoarekin, edozein dela ere, herritarron, herritar denon aldeko urrats handi bat egiteko aukera izango dugu igandean. Herri bezala, kolektibo gisa, aurrerapauso bat ematera goaz”, azaldu dute komunikabideen aurrean irakurritako oharrean.

Galdeketak prestatzen urtebete inguru egindako prozesu parte hartzailearen ondorioak azpimarratu dituzte. “Ezin da erabakirik gauzatu ezberdinen arteko elkarlanik gabe. Elkarlanaren eta adostasunaren bidetik izango da, ala ez da erabakirik izango”.

Antolatzaileek azpimarratu dutenez “zailena” ez da erabakitzea, “boto bat hartu eta kutxa baten sartzea, bere soiltasunean”. “Zaila, galdera pausatzea da, zaila prozesu osoa adostea da, zaila hautetsontziak kalean jartzea da. Hori da adostasuna eskatzen duena, elkarlana eskatzen duena, areriotzat hartu dugun hori herrikidea dela gogoraraztea eragiten diguna”.

Herritarrak ahalduntzeko prozesu gisa ere definitu dute galdeketa egiteko bidea. “Herritarrok gure geroaren protagonistak izan nahi dugu, ez ikusle soilak. Etorkizun hobeago bat eraikitzeko gure ekarpena ezinbestekoa da. Hori da XXI. mendeko demokraziak eskatzen duen erronka eta Euskal Herriak bere burua hor kokatu nahi du”.

Orain arteko parte hartzea: %26,8

Orain arte, 166 herri galdeketa izan dira; 576.152 laguneko errolda; 154.374 botoemaile, %26,79ko parte hartzea. %95 azaldu dira euskal estatu / errepublika burujabe edo independente baten alde. 166 galdeketa horietatik 164 egin dituzte azkeneko urte eta erdian.

Hemen Gure Esku Dago-k antolatutako galdeketei buruzko Berria-ren webgune berezia

JAKINGARRIAK

Galderak

Andoain. Nahi al duzu euskal estatu burujabe bateko herritarra izan?

Areatza. Euskal estatu burujabe bateko hiritarra izan gure dozu?

Atxondo. Euskal Herri independente bateko herritarra izan nahi duzu?

Beizama. Nahi al duzu izan Euskal Herri independente bateko herritarra?

Berango. Nahi duzu euskal herritarrok gure etorkizun politikoa gure kabuz eta aske erabakitzea?

Erandio. Nahi duzu euskal herritarrok gure etorkizun politikoa gure kabuz eta aske erabakitzea?

Elantxobe. Euskal Herriko herritarra izanik, gure etorkizuna ‘erabakitzeko eskubidea’ gauzatzearen alde zagoz?

Galdakao. Euskal Herri independente bateko herritarra izan gura dozu?

Getxo. Nahi duzu euskal herritarrok gure etorkizun politikoa gure kabuz eta aske erabakitzea?

Mundaka. Gura dozu estatu independente bateko heritarra izan?

Ibarrangelu. Euskal Herriko herritarra izanik, gure etorkizuna ‘erabakitzeko eskubidea’ gauzatzearen alde zagoz?

Leioa. Nahi al duzu Euskal Herri burujabe bateko herritarra izan?

Otxandio. Gure dozu euskal errepublika burujabe bateko herritarra izan?

Bozkatzeko ordutegia

09:00-20:00. Hainbat tokitan jarriko dituzte hauteslekuak.

Botoa emateko baldintzak

Adina: 16 urtetik gorakoek.

Egiaztatzea: Nortasuna, adina eta bizilekua egiaztatzen duen agiri batekin; horren zenbakia erregistratuko da sistema informatiko batean, bi aldiz ez bozkatzeko.

Errolda

160.853 herritar, denera.

Andoain (12.306), Areatza (1.021), Atxondo 1.197), Beizama (120), Berango (5.979), Erandio (20.630), Elantxobe (353), Galdakao (21.441), Getxo (68.136), Mundaka (1.613), Ibarrangelu (575), Leioa (26.431) eta Otxandio (1.060).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.