Hauteskunde kanpainarako aukeratu duen leloari zukua atera nahi dio EAJk. Euskadiren alde goiburuarekin mezu argia zabaltzen ari da hauteskunde ekitaldietan: Madrilen Euskadiren interesen alde EAJk bakarrik egingo duela esaten ari da. Atzo ere ideia hori azpimarratu zuen Iñigo Urkullu EAJren EBBko presidenteak Gasteizen, Arabako gizartearekin izandako topaketa batean. Igande honetan «Euskadiren aldeko» botoa emateko dei egin zien Urkulluk herritarrei.
Gasteizko hotel ezagun batean egin zuen EAJk eguneko ekitaldi nagusia. Arabako gizartearen ordezkari ezagunak mokadu batera gonbidatu zituen alderdiak. EAJko ordezkariekin batera, Joseba Azkarraga EAko sailburu ohia ere egon zen gonbidatuen artean.
Eskainitako hitzaldian, Urkulluk ohartarazi zuen PSE-EEk,PPk eta Amaiurrek ez dutela «Euskadiren alde lan» egingo Madrilen. Haren ustez, PSE-EEk eta PPk botoak nahi dituzte soil-soilik Espainiako Gobernua lortzeko, eta «ezker abertzaleaegun pare batean joango da Madrilera itxurak egitera». Jeltzaleak, ordea, egunero izango dira han «Euskadiren alde lan egiten», Urkulluren arabera.
Espainiako Kongresuan eta Senatuan «ahots propioa» beharrezkoa dela esan zuen EAJko buruak. Haren ustez, Patxi Lopez lehendakariak «ahaztu» egin du ordezkatzen duen herriaren interesak defendatzea, eta nahiago du kanpaina egitea «euskal legeen kontrako helegiteak aurkezten dituzten erkidegoetan». Areago, Lopezi Espainiara begira egotea leporatu zion Urkulluk: «Madrilgo Castellanan du gogoa, eta ez Gasteizko Dato kalean».
Arabako interesen alde ere jardungo du EAJk Madrilen, Emilio Olabarria zerrendaburuak azaldu zuenez: «EAJren jardunaren muina Arabaren alde borrokatzea da. Guk ez badugu egiten, ez du inork egingo». EAJri emandako botoa, beraz, funtzeskoa da Araba «ahaztua» izan ez dadin Madrilen, Olabarriaren esanetan. «EAJko diputaturik ez bada joaten Kongresura edo Senatura, Arabako interesak baztertuak izango dira, edo haien kontra bozkatuko da», esan zuen.
Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Alderdien kanpaina
Igandean «Euskadiren alde» bozkatzera deitu du Urkulluk
Olabarriak ohartarazi du Arabako interesak «ahaztu» egingo direla Madrilen ez badago EAJren diputaturik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu