Igandean Gasteizen hilda aurkitu zuten 75 urteko emakumearen suhia atxilotu zuen herenegun iluntzean Ertzaintzak, R.F.T., emakumearen hiltzailea delakoan. Herenegun arratsaldean egin zituzten emakumearen aldeko hileta elizkizunak, Gasteizen bertan, eta behin elizkizunak amaituta atxilotu zuten R.F.T. gizona. Hain zuzen ere, emakumearen hileta elizkizunetan izan zen gizona, eta horiek amaitutakoan atxilotu zuten.
Emakumea senide batek aurkitu zuen hilda, igande eguerdian, 14:30 inguruan. Etxean sartu, eta logelan aurkitu zuen, lurrean etzanda eta buruan kolpeak zituela. Larrialdi zerbitzuetara deitu zuen berehala, baina bertaratutako medikuak hilda zegoela baieztatu besterik ezin izan zuen egin. Ertzaintza berehala hasi zen kasua ikertzen, eta hasiera-hasieratik susmo txarra hartu zioten heriotzari, etxeko sarrerako atea ez baitzegoen behartuta eta etxe barruan ere ez baitzegoen indarkeria zantzurik. Emakumeak, gainera, kolpearen ondorioz, garunaren zatiak galduta zeuzkan.
Horregatik, berehala emakumearen gertuko pertsonaren batek hil zuela susmatzen hasi ziren. Hala ere, emakumea lurrera erori eta buruan kolpea hartuta hil izana ez zuten baztertu hasieran. Baina herenegungo autopsiak baztertu zuen hipotesi hori: emakumea ez zen horrela hil. Emakumea hil egin zutela azaldu zuen auzitegiko medikuen azterketak.
Atxilotu berri duten hildako emakumearen suhiak erretegi bat dauka Gasteizen, eta bertako nagusia da. Ertzainek jakinarazi dutenez, igandeko hilketarekin zerikusirik ez daukala adierazi du gizonak.