Igandean izango dira Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak, gaueko zortzietan itxiko dituzte hautes-ontziak eta handik hiru ordura jakingo da zein alderdik irabazi dituen bozak, gaur Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez. Javier Balza Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak emango ditu datuak. 3.500 lagun erabiliko dituzte lanean igandean.
Herrizaingo Sailak ordubatean eta seietan agerraldiak egingo ditu Lehendakaritzan, eguna nola doan azaltzeko. Besteak beste, ordura arteko parte-hartzeko datuak emateko. Hain zuzen, 2005eko hauteskundeetan eguerdiko hamabietan parte-hartzea %16koa zen eta bostetan %48koa. Bederatziak pasatxo direla emango ditu botoen lehen emaitzak Balzak.
Datu zehatzagoak-eta jakiteko www.elecciones.net webgunea izango du martxan Jaurlaritzak.
Denera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 1.776.052 lagunek dute botoa emateko eskubidea. Haietako askok ezingo diote euren hautuari eman: D3Mri edo Askatasunari. Espainiako Auzitegi Konstituzionalak biak baliogabetuak ditu eta Baltasar Garzon Auzitegi Nazionaleko epaileak haien jarduerak etenda.
María del Yermo Urkijo Herrizaingo sailburuordeak esan du mahaietako presidenteen zeregina izango dela D3Mren aldeko botoak ez agertzea ontzietan. Ez du zehaztu nola beteko duten agindu hori.
Posta bidez 43.162 lagunek bideratu dute botoa.
Jaurlaritzak egun hauetarako telefono zenbaki bat jarri du herritarren eskura, zalantzak-eta argitzeko asmoz: 012.
Igandean gaueko hamaiketarako jakingo da zeinek irabazi dituen hauteskundeak
Eusko Jaurlaritzak ordubatean eta seietan parte-hartzeko datuak emango ditu. Gaueko zortzietan itxiko dituzte hautes-ontziak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu