Astelehenean Beriaingo aintzira batean hilik agertutako emakumezkoaren ustezko hiltzailea gaur arratsaldean eraman dute epailearen aurrera, Nafarroako Auzitegira, eta epaileak atxiloaldia igandera arte luzatzea erabaki du. Gorpua azaldu eta ordu gutxira atxilotu zuen Foruzaingoak. Emakumearen bikotekide ohia da, eta epailearen aurrean ukatu egin du emakumea hil izana.
Biktima Yanela Zaruma Cabrera da. Burlatan bizi zen, 22 urte zituen, eta 3 urteko haur bat. Gorpuak indarkeria arrastoak zituen. Hildakoaren senideek larunbatean Iruñeko Gaztelu plazan biltzera deitu dute, 18:00etan, hilketa gaitzesteko. Familiarekin batera, hainbat elkartek deitu dute protestara. Hilketa emakumeen aurkako indarkeriarekin lotu du Berdintasunerako Institutuak. Aurten modu horretara Euskal Herrian hildako lehen andrea da.
Banandu berri ziren hildako andrea eta atxilotutako gizona. Ekuadorkoa zen jatorriz Zaruma, baina Iruñean bizi zen aspaldiko denboretan. Urte bukaeran, baina, bikotekidearengandik banandu, eta gurasoengana joana zen bizitzera, Burlatara. Udalbatzak osoko bilkura egin zuen asteartean, emakumearen hilketa salatzeko. Gero, herriko plazan, elkarretaratzea egin zuten.