Igeldo herri izatetik gertuago dago atzoz geroztik, herritar gehienek hala adierazi baitute herri galdeketan. Parte hartzea handia izan da, %72,1ekoa, eta botoa ematera joan direnetatik %36,73k esan dute aurrerantzean ere donostiar izan nahi dutela. 833 bizilagunetatik 637k parte hartu dute, eta horietatik 391k desanexioaren alde egin dute; 234k kontra. Hamar boto zuri izan dira, eta bi baliogabeak. Bozketa batean Igeldon izan den parte hartze handiena da.
Gipuzkoako Diputazioak "zoriondu" egin ditu igeldotarrak: "Igeldotarren parte hartzeko gogoa eta beharra ikusi da. Batzuk Donostian jarraitu nahi dute, besteek herri bihurtu", adierazi du gauer eguerdian Garbiñe Errekondo Gipuzkoako Foru Administrazioa eta Funtzio Publikoko diputatuak. "Igeldotar guztiek ontzat eman dute galdeketa. Sinesgarritasuna izan du herritarren artean". Bestetik, nabarmendu du "judizialki eta politikoki batzuek sortutako zalapartak" ez dutela eraginik izan errealitatean. Galdeketaren emaitzak Igeldoko txostenean sartuko dituzte, eta hurrengo erabakia Gipuzkoako Diputatuen Kontseiluak hartuko du —ez du Batzar Nagusietatik pasatu behar—. Dena den, gogorarazi du Donostiako Udalak eskatuta aktibatu zen bide judiziala dagoela. "Prozedura osoa egin behar da. Informazio guztia izatean, ikusiko dugu zein diren oztopoak". Datuak ikusita, Igeldoren desanexioaren alde dago diputazioa. Datarik ez du jarri desanexioa gauzatzeko, baina legealdi honetan izan daitekeela erantzun dio Errekondok kazetari bati. "Emaitzak argi daude. Jorratu ahal dena jorratuko dugu".
Arantxa Ruiz de Larrinaga Gipuzkoako Diputazioko Parte Hartze zuzendariak esan du herritarrak atzo "ilusioz eta zentzutasunez" joan zirela bozkatzera. Gogorarazi du galdeketa parte hartze prozesu baten "azken urratsa" izan dela. Urriaren 3tik azaroaren 8ra bederatzi saio ireki egin dituzte, eta horietan 375 igeldotarrek hartu dute parte. "Igeldotarrek erakutsi dute komunitate aktibo, parte hartzaile eta anitza direla", esan du Ruiz de Larrinagak. Galdeketa, berriz, "garantista" izan zela nabarmendu du: "Zerrendak eguneratuak zeuden, posta bidez bozka zitekeen, begiraleak zeuden eta kontaketa publikoa izan zen".
Herri galdeketari bidean oztopoak jarri badizkiote ere, aurrera egitea lortu du. Joan den astean, hitzordutik gertu zeuden arte galdeketaren gorabeherak epaitegietan zeuden. Espainiako Estatuaren abokatuak "oso behin-behineko kautelazko neurriak" aplikatzeko eskatu zion Donostiako Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari, eta bertan behera uzteko desanexioari buruzko herri galdeketa. Carlos Urkijo Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan duen ordezkariaren eskariari jarraiki hartu zuen erabakia Estatuaren abokatuak. Donostiako auzitegiak EAEkoaren esku utzi zuen, eta hark herri galdeketari bidea egin zion.
Donostiako Partaidetza zinegotzi Asier Jakak, udal gobernuaren izenean, adierazi du diputazioaren erabakiaren zain geldituko dela udala. "Hala ere, aintzat hartuko dugu gehiengoaren iritzia. Galdeketaren parte hartzeak erakutsi du Igeldoko herritarrek espazio baten beharra zutela, ahotsa eta botoa emateko", gaineratu du Jakak.
Aspaldiko nahia
Desanexio prozesua 1995. urtean jarri zuen martxan Itxas Aurre elkarteak. Donostiako Udalean egin zuen elkarteak eskaera, eta ordutik PSE-EE eta EAJ prozesu horren aurka azaldu dira. Itxas Aurrek udalaren ezezkoari helegitea jarri zion, eta EAEko Auzitegi Nagusiak eta Espainiako Auzitegi Gorenak arrazoia eman zien. Itxas Aurreko kide Juan Luis Kruzek galdeketarekin "oso pozik" daudel esan dio Berriari: "Herritarrek presio mediatiko handi izan dute. Ez genuen hainbesteko parte hartzea izango zenik". Txostenen artean, ogasun departamentuarena garrantzitsua izango dela uste du. Auzi juridikoekin "erreta" daude Itxas Aurrekoak, "nahiz eta etabaki denak gure alde atera diren". Datarik eman nahi ez badu ere, Kruzek argi du: "Igeldo herri bihurtuko da. Bilduri eta EAJri eskatzen diegu herriak erabaki duena errespetatzeko".