Gipuzkoako Batzar Nagusietako osoko bilkuran Igeldoko auzia izan dute eztabaidagai. "Asko eta asko izan dira hamarkada luzean igeldoarren borondatea errespetau dadin aldarrikatu duten ahotsak. Gure ustez, kontsultaren bitartez, aldarrikapen zilegi eta historiko honi egoki erantzun dio foru aldundiak. Herri galdeketarekin urte luzez saihestu eta ezkutatu nahi izan den arazoari irtenbide justua emango zaiola uste dugu", adierazi du Bilduk.
Igeldoko herritarren erabakiarentzat errespetua eskatu du koalizioak: "Printzipio demokratikoek herritarren borondatea errespetatzera behartzen gaituzte, kasu honetan ere. Prozesu hau guztia elkarbizitza eta errespetu ariketa natural gisa ulertzen dugu. Ordezkari politikook ez dugu inolako eskubiderik igeldoarrei haien borondatearen kontrako estatusa inposatzeko".
Horrela, EAJri, PSE-EEri eta PPri egin die deia: "Bere burua demokratatzat duen orok begi onez ikusi beharko luke halako galdeketa bat, non herritarrek iritzia eman eta erabakiak hartzen dituzten. Demokraziaren lehen araua da hau. Alde horretatik, sinesgaitzak iruditzen zaizkigu oposizioko ordezkarien ahotan egun hauetan entzun ditugun adierazpenak. Batzar nagusietako urriaren 4ko bilkuran onartu zen parte hartze prozesua martxan jartzea eta herritarren iritzia errespetatzea. Beraz, hori da bidea".
2/2003 araua
Igeldo udalerri bihurtzeko aukeraren aurrean, Gipuzkoako Batzar Nagusiek diputazioari eskatu diote 2/2003 arau forala ezartzeko; udalerri izateko 2.500 biztanle izateko baldintza jartzen du arau horrek. EAJk, PSEk eta PPk bozkatu dute aurreneko bi alderdiek aurkeztutako eskaeraren alde.
Gai horren inguruko edozein erabaki Donostiako Udalarekin adosteko eskatu diote diputazioari, hura baita "donostiarren interesen ordezkari legitimoa". Garbiñe Errekondo Gipuzkoako Administrazio diputatuak azaldu du aldundiaren eginkizuna ez dela erabakitzea Igeldok zer izan behar duen, "iristen diren eskaerak bideratzea" baizik. Oroitarazi du diputazioak Donostiako udal talde guztiak gonbidatu dituela azaroaren 10ean Igeldon egingo duten galdeketaz hitz egiteko, eta erantsi du "Bildu ezik, inor" ez zela agertu.
Martin Ibabe EAJko batzarkide eta Donostiako zinegotzia prest azaldu da "lasaitasunez eta adostasunez" Igeldo tokiko entitate txiki bihurtzeko moduaz hitz egiteko: "Uste dut aztertu ez diren tarteko bideak daudela", esan du. Mikel Arrizabalaga PSEko batzarkideak, berriz, uste du galdeketa eginda aldundia udalari dagokion gaietan "tartean sartzen" ari dela. PPko Asun Gerrak galdetu du zer gertatuko den gaiarekin, galdeketaren emaitza eta Donostiako Udalaren erabakia "bete beharrekoak" ez badira.