gizartea

Igeldoko herritarren borondatea errespetatzeko eskatu dute

Gipuzkoan ezagunak diren hainbat pertsonak Igeldo udalerri independentea bihurtzearen aldeko aldarria egin dute, "herritarren gehiengoak hala nahi duelako".

2013ko abenduaren 12a
15:43
Entzun

Itsas Aurre elkarteak antolatuta, Gipuzkoako hainbat pertsona ezagunek prentsaurrekoa eman dute Igeldoko herritarren borondatea errespeta dezatela eskatzeko. Besteak beste, Mikel Astarloza txirrindularia, Asier Sota aktorea, Jabi Rodil Ze Esatek taldeko musikaria, Fito Rodrigez idazlea, Alizia Sturtze historialaria eta Haritz Barela Donostiako Piratak kolektiboko kideak izan dira agerraldian.

Igeldotar gehienek desanexioaren aldeko hautua egin dutela nabarmendu dute, eta orain, bide horretan aurrerapausoak egitea erakundeei dagokiela: "Komunitate bakoitzari aitortu behar litzaioke zer izan nahi duen erabakitzeko eta izan nahi duen horretara nola iritsi aukeratzeko eskubidea".

Joan den azaroaren 10ean egin zuten kontsulta. Igeldoko herritarren %72k parte hartu zuten, eta % 61,2k eman zuten udalerri independentea bihurtzearen aldeko botoa. Antolatzaileek gogora ekarri dute bozketa ez zela une bateko apeta izan, desanexioaren aldeko prozesua duela ia hogei urte abiatu baitzuten; 1994an, hain justu.

Guztira, kultura alorreko 50 gipuzkoarrek eman diote atxikimendua manifestuari, tartean Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendaria. Aurrerantzean, babes gehiago jasotzea espero dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.