Gipuzkoako Foru Aldundiak abenduaren 17an jakinarazi zuen aintzat hartuko zuela Igeldo Donostiatik bereizi eta udalerri izateko eskaria, azaroaren 10ean egindako galdeketan Igeldo udalerri izatearen aldeko iritzia nagusitu eta gero.
Gaiaz eztabaidatzen ari dira gaur Donostiako Udalean, horretarako ezohiko udalbatzarrera deitu baitzuen Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak. 13:00ean hasi da udalbatzarra. EAJk, PSE-EEk eta PPk bat eginda, Donostiako udalbatzak adostu du neurri judizialak abiatzea Igeldoren desanexioari buruzko dekretuaren kontra.
Aretoan izan dira Igeldoko herritarrak. Bilduko zinegotzi Josu Ruizek zuzendu du bilkura —Izagirre ez da egon bertan—, eta hainbat aldiz eskatu die aretoan isilik egoteko. Alderdien adierazpenen ondoren, Igeldoko herritarren ordezkari batek hitza hartu nahi izan du. Alderdi guztien oniritzia behar zuen horretarako, eta ez du izan; hala, adierazpenik egin gabe joan dira herritarrak aretotik.