Igeldoren desanexioak zenbait aldaketa ekarriko ditu Donostian. Hona jarraian bost jakingarri desanexioaren inguruan.
Hedadura: Igeldo auzoak (bihartik, herria) 10,4 kilometro koadro ditu, eta 1.074 biztanle. Orain arte donostiarren %0,5 ziren igeldoarrak, eta Igeldoren lur eremua, Donostiaren %17.
Sorrera: 1180. urtean Donostia sortu zenean bazen Igeldo, kontzeju modura. 1845etik 1851ra herri izan zen, sei urtez.
Jatetxe ospetsua: Desanexioarekin Michelin hiru izar dituen herria ere izango da, bere barrutian baitago Pedro Subijanaren Akelarre jatetxea. Donostiak beste hiru izar izango ditu, Juan Mari Arzaken jatetxeak dituenak. Donostiak Martin Berasategiren izarrak bereak balira bezala zenbatzen dituen arren, horren jatetxea Lasarte-Orian dago.
Igeldo mendia: Izen bera badu ere, Igeldo mendia Donostian dago, eta horrela segiko du bihartik aurrera ere. Kanpina eta Aemeten estazio metereologikoa, berriz, Igeldon daude.
Lehen galdeketa: 1994an egin zen eta botoa emateko eskubidea zutenen erdiak eman zuen botoa. Horien %58,7 agertu zen independentziaren alde. Gipuzkoako Aldundiak 2010ean baztertu zuen desanexionatzeko aukera.