Uztailaren 7an ultraaktibitatea amaituta, IGON CEEko zuzendaritzak enpresako lan hitzarmena aplikatzeari utziko diola jakinarazi die langileei, ELAk jakinarazi duenez. Hori dela eta, elkarretaratzea egingo dute bihar enpresak Bilbon duen egoitzaren aurrean, 11:30ean.
ELAk azaldu duenez, langileen lan baldintzek okerrera egingo dute zuzendaritzak bere horretan jarraitzen badu. IGON CEEn 50 pertsonak lan egiten dute: hainbat ezgaitasun dituzte, eta "mila euro baino zertxobait gehiago" kobratzen dute. ELAk salatu duenez, enpresaren zuzendaritzak atzera egingo ez balu "600 euro inguru" kobratuko lituzkete, "lanordu askoz gehiago eginda".
Enpresako hitzarmena 2010ean bukatu zen, eta zuzendaritzak "ez du negoziatzeko nahirik erakutsi". Gainera, sindikatuak jakinarazi duenez, "hitzarmenak indarrean jarraitu behar luke", beste bat sinatu artean, hirugarren puntuak zehazten duenez.
Biharko elkarretaratzeaz gain, bilera informatiboak egingo dituzte gaur langileekin, dituzten aukera juridikoak zeintzuk diren jakinarazteko eta hemendik aurrera jarraitu beharreko pausoak zeintzuk diren azaltzeko.