Atxiloketa

Igor Zearreta kartzelan sartu dute

2010eko urriaren 29a
17:23
Entzun
Igor Zearreta Garai espetxeratu egin dute gaur, Fernando Grande-Marlaska Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen aginduz. "Talde terroristako kide" izatea eta 2005eko martxoan Soraluzen (Gipuzkoa) jazotako kale erasoetan parte hartzea egotzi dio.

Zearreta atzo atxilotu zuten, Zornotzan (Bizkaia). Ajangizko Maier enpresan egiten du lan eta atxilotu ostean hara eroan zuten bere armairua arakatzeko. Enpresako zenbait langilek agerraldia egin zuten, lantegiaren aurrean. "Ertzaintzaren inpunitatea" salatu zuten eta enpresan egindako miaketa "ez-legezkoa" izan zela gaitzetsi zuten, "ez dutelako inolako epai agindurik erakutsi". Lankidearen egoeraz "kezkatuta" agertu ziren; "inkomunikazioaren beldur gara; horrek berekin dakarren inpunitate egoeraren beldur, hain zuzen".

Miaketa egitera sartu ziren poliziek, gainera, langileak kolpatu zituztela esan zuen Maierreko beharginek, eta erregistroa lekukorik barik egin zutela.

2005eko martxoan hainbat istilu izan ziren Soraluzen, Juan Jose Urrutia ETAko kidearen heriotza salatzeko manifestazio baten ondoren -Urrutia Uruguain hil zen-. Ertzaintzaren arabera, "erabat koordinatuta" burua estalita zuten pertsona talde batzuek molotov koktelak bota zituzten Ertzaintzaren furgoneta baten aurka, baita BBVAren egoitzaren aurka ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.