Bada garaia. Iheslari eta deportatu politikorik gabeko Euskal Herria lelopean, ekitaldi bat egin du Kalera Kalera dinamikak Orion (Gipuzkoa). Besteak beste, Oria ibaian barrena ontzi jaitsiera bat egin dute eguerdian, iheslarien eta deportatuen itzulera irudikatzeko. Ondoren, ekitaldi politiko bat, eta bazkaria gero.
Jon Irazola, iheslari eta deportatu ohien taldeko kideen izenean, azpimarratu dute gatazkaren konponbidearen agendan txertatu behar dela gaia; nabarmendu du haien egoera ez dela askorik ezagutzen, eta, bereziki, azpimarratu du oso baldintza zailean daudela sorterritik kanpo eta, gehienetan, legezko estatusik gabe.
Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak Miarritzeko Adierazpena kaleratu zuen 2013an. Ordutik, 190 iheslari bueltatu dira Euskal Herrira, eta, Kalera Kalera dinamikakoek azpimarratu dutenez, bide horretan sakondu nahi dute —BERRIAk gaiari buruz aste honetan kaleratutako erreportajea—. Irazolaren arabera, egun 70-80 inguru iheslari daude, horietatik 14 deportatuta.
Bost urrats
Horretarako, bost urrats proposatu dituzte: Auzitegi Nazionalak iheslari eta deportatuen gaur egungo egoera juridikoaren inguruko informazioa ez ukatzea haien abokatuei; torturarekin “kutsatuta” dauden sumarioak bertan behera uztea; preskripzioaren kontaketa “mendeku eta errepresioaren irizpideekin” egiteari uztea eta era arruntean gauzatzea; “inongo oinarri juridiko eta legalik” ez duten deportazioak amaitzea; eta zaharrak eta osasun txarra dutenak “etxera ekartzea”.
"Oztopo juridiko" horiek gaindituta, %80 "etxeko bidea" hartzeko baldintzetan izango liratekeeela dio Kalera Kalerak. "Eta ondotik, beste %20ri errealitate printzipioak gidatutako justizia transizionalak arrazoizko epe batean etxeratzeko aukera eskainiko lioke".
Kalera Kalera dinamikaren arabera, 1960ko hamarkadatik gaur egun arte, 2.500 euskal herritarrek baino gehiagok jo behar izan dute erbestera. Epe horretan, 271 estradizio egin dira, 382 entrega eta 74 deportazio. Denera, 84 lagun hil dira ihesean edo deportazioan; horietatik 27, estatuen gerra zikinak eraginda.