Exilioa eta deportazioa "kondena bat izan dira eta dira" euskal herritarrentzat, Kalera Kalera plataformaren iritzian, eta "elkarbizitza normalizatzeko bidean" korapilo horiek ere askatu beharra dagoela azpimarratu du. Jon Irazola iheslari ohiak eta Mikel Korta Kalera Kalerako kideak hitz egin dute gaur emandako prentsaurrekoan, eta azaldu dute, konponbide hori eskatzea izango duela xede urriaren 6ko egunak.
Arazoari konponbidea emateko, gainera, denen artean adostutako bide orri bat martxan jartzeko eskatu diete eragile politiko, sozial eta sindikalei. Gaur egun, 70 inguru dira iheslariak, eta 14 deportatuak.
Arazoa asko arinduko luketen neurri batzuk badaude, Kalera kaleraren esanetan, egun batetik bestera hartu beharko liratekeenak. "Gizalegezkoak eta urgentziazkoak" direla nabarmendu dute, eta zehaztu egin dituzte: Iheslari eta deportatuen abokatuei haien egoera juridikoaren inguruko informazioa ematea —Auzitegi Nazionalak ez die informazio hori ematen gaur egun—; preskripzioen kontaketa "era naturalean" egitea, "modu artifizialetan manipulatu beharrean"; "torturarekin kutsatutako dosierrak" bertan behera uztea; "oinarri juridiko eta legalik ez duten deportazioen" kondena amaitutzat ematea; eta adinean aurrera joandako iheslari eta deportatuak zein gaixo daudenak etxeratzea.
Nabarmendu dutenez, horrekin bakarrik iheslari eta errefuxiatuen %80 Euskal Herrira itzuliko lirateke. Eta gainerakoekin, "konponbideetan oinarrizkoa den errealitatearen printzipioa" aplikatzea eskatu dute.
Eskaera horiekin guztiekin egun osoko egitaraua prestatu dute: Hitzaldia, txorizo eta sagardo dastaketa, ibaiaren jaitsiera, ekitaldi politikoa, kalejira, bazkaria eta abeslariak, besteak beste.