Erregina Dolosor sindikalistak eta Laurence Hardouin abokatuak hartu dute hitza. Elkartasun Hatsa ekitaldia ekainaren 15ean eginen da Miarritzeko Irati aretoan. Ekitaldi politikoa 11:30ean abiatuko da; ondoren, herri bazkaria eginen da, eta arratsalde partean kontzertuak izanen dira.
Ekitaldira deitzen duten eragileen zerrenda luzea da, bertzeak bertze Jean Fagoaga (Anai Artea), Alice Leizeagezahar, Koko Abeberri, Victor Pachon (CADE), Anne Marie Grenie, Charles Bidegain, Battitta Larzabal edo Paco Letamendia Ortzi. Bretainia eta Frantziako eragileek ere bat egin dute deialdiarekin. Eragileek nabarmendu dute azken 50 urteotan iheslari politikoek ukan duten babesa neurtezina dela.
"Herriaren babesa eraman zuten haiekin, herriaren babesa bizi izan dute urrun egonik ere eta herriaren babesa dute beren hatsaren ezinbesteko oinarri", adierazi dute. Gatazkaren parte izanik, horren konponbidean ere parte izateko borondatea agertu dute iheslari politikoek. Miarritzeko ekitaldia kolektibo horri ikusgarritasuna eman eta haien ekarpena biltzeko plaza izatea nahi dute.